Muñoz: “Haserre dagoen jendea kaleak hartuko ditu martxoaren 29an”
2012/03/05
ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, CGT-LKN, EHNE eta Hiru sindikatuetako eta 30 gizarte-eragiletako ordezkariek martxoaren 29rako deitutako grebaren beharra aldarrikatu dute Bilbon. ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek agerraldian adierazi duenez, haserrea kalera eramateko ordua iritsi da, eta zalantzarik gabe greba arrakastatsua izango dela iragarri du.
Muñozen esanetan, onartu diren murrizketei ezetz esan behar diegu, eta etor daitezkeenei aurre egiteko prestatu behar dugula gaineratu du. “Hemen gauden sindikatu eta erakunde sozialek ezin dugu onartu gure eskubideak txiki-txiki eginda uztea. Ez gara murrizketen laguntzaile izango, eta ez dugu elkarrizketa soziala babestuko”.
Era honetan, alternatibak egin badaudela azpimarratu du. Horretarako beste zerga-politika bat eskatu du, eta ogasunei dei egin die egungo politika goitik-behera alda dezaten.