Lan erreformek soldatak moztea bilatzen dute
Adolfo Muñoz, Txiki, ELAko idazkari nagusia, eta Joseba Villarreal, negoziazio kolektiboko arduraduna, erreformak patronalaren neurrira egiten direla azpimarratu dute, bai Zapateroren garaian, bai orain Rajoy prestatzen ari denean ere. “Ez da enplegurik sortzen; aldiz, enplegu duinaren ordez enplegu prekarioa sartzen da. Erreforma hauekin ordezkapen-efektu bat eragiten dute. Enplegu duinak desagertzen dira, eta kontratu negargarriek hartzen dute haien tokia; soldata duina zuen langile baten postuan hiru behargin prekario jartzen dituzte, hirurek batera aurrekoaren soldata osatzen ez dutelarik”.
ELAko arduradunek azaldu dute UGT eta CCOO sindikatuak negoziazio kolektiboa zentralizatzeko ahaleginak egiten ari direla Madrilen. “Honekin bi sindikatu horiek ordezkaritzaren monopolioa eta sindikatu horien finantzaketa” bilatzen dute, adierazi du Villarrealek.
Sindikatuak soldatak eta lan-baldintzak defenditu behar dituela aitortu du Muñozek. “Hau da funtsezko eztabaida, eta sindikalizatzeko eta antolatzeko beharra agerian uzten du; klase garen aldetik indar-erlazioa hobetu eta borrokatu behar dugu”.
ELAk soldaten inguruko txostena plazaratu du prentsaurreko honetan.