Muñoz: “Murrizketek jarraituz gero, mobilizazio sozial gehiago izango da”

2012/11/27
Muñoz: “Murrizketek jarraituz gero, mobilizazio sozial gehiago izango da”
Datorren urtarrilaren 23 eta 24an ELAk bere XIII Kongresu konfederala egingo du. Kongresuaren lema 'Lankidetu' izango da; honekin nabarmendu egin nahi da sindikalizazioaren beharra, sindikatuarekiko lotura sakontzea alegia, langabezia eta txirotasun maila gure gizartean asko hedatzen ari diren une “latz” hauetan. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak ohartarazi du mobilizazio sozialek aurrera jarraituko dutela, murrizketak amaitu ezean: “Gezur handi bat da esatea krisiari aurre egiteko modu bakarra murriztea dela”.

Joan den uztailaren 2an Nazio Batzordeak onartu zuen kongresuari proposatuko dion Batzorde Eragilerako zerrenda, izen eta funtzioekin. Ez da pertsonarik aldatuko, baina bai zenbait egiteko: Proposamenaren arabera, Leire Txakartegik Immigrazio arloaren ardura hartuko du (orain arte Mitxel Lakuntzak zeraman hau), baita Langabeen saila ere, duela gutxi sortu dena. Kongresuaren aurkezpenean Muñozekin batera agertu dira idazkari nagusi albokoa den Amaia Muñoa, eta Batzorde Eragileko beste kide batzuk: Patxi Agirrezabala, Leire Txakartegi, Xabi Anza eta Mitxel Lakuntza.

ELAko idazkari nagusiak esan duenez, Jaurlaritza berriak murrizketen bideari jarraitzen badio, “mobilizazio soziala izango da”. Horrenbestez, aipatu du Katalunian joan den igandean izandako hauteskundeetatik ondorio argi bat atera daitekeela: “murrizten duenak ordaindu egiten du; hauteskundeetan galera izaten du. Hori berton ere gertatu da, eta hala izango da aurrerantzean ere”.

Kongresuko 736 delegatuek azken lau urteotan sindikatuaren zuzendaritzak egindako kudeaketa juzkatuko dute, eta txostena eztabaidatzearekin batera, kongresuko ebazpenak eta Batzorde Eragile berria bozkatzea dagokie.

Adolfo Muñozen parte-hartzearen bideoa