Muñoz: “Murrizketek langabezia eta pobrezia gehiago ekarriko dute”

2012/02/06
ELAren iritziz, Eusko Jaurlaritzaren politikak langabezia handiagoa eragiten du. Arlo publikoan egindako enplegu murrizketek eta gainerako aurrekontu-sailetakoak atzeraldi ekonomikoa larriagotzen ari dira, eta horrenbestez, langabezia gehitzea dakarte, zuzenean eta zeharka.

ELAk langabeziaren egoerari buruzko balorazioa egin du. Adolfo Muñoz “Txiki”, idazkari nagusiak, Mikel Noval, arlo sozialeko arduradunak eta Idoia Intxaurbe, azterketa bulegoko kideak eman dute iritzia Bilbon. “Planteaturiko murrizketa neurriek enplegu suntsiketa gehiago eta prekarietatea dakartela”, adierazi dute eta egoeraren erantzukizuna politikoei eragotzi diete. “Irtenbide bidegabe eta ezegokia jarri dute mahai gainean, krisia langileok ordaintzen jarrai dezagun”.

Lan Zerbitzu Publikoaren (SEPE) zerrendetan langabezian dagoen pertsona kopurua 206.016koa izan da 2012ko urtarrilean Hego Euskal Herrian, aurreko hilean baino 13.676 gehiago. 2011an, urte osoan, igoera 17.748koa izan zen.. Beraz, abendutik hona %7,1eko igoera izan du langabetu kopuruak eta %9,4koa joan den urtarriletik hona.

Hego Euskal Herriko langabezi tasa 2012ko urtarrilean %15,08koa da. 2011ko urtarrilean datu hau puntu bat pasatxo baxuagoa izan zen, %13,84koa.

Irakurri txostena