Muñoz: “Murrizketekin ekonomia erreala pikutara doa”

2012/07/17
Muñoz: “Murrizketekin ekonomia erreala pikutara doa”
Adolfo Muñoz Txiki, ELAko idazkari nagusiak adierazi duenez, “kalea hartu behar dugu”; hau Rajoyren murrizketak salatzeko Bilboko Lanbideren bulego aurrean izandako agerraldi batean izan da. Sindikatu honetako buruak esan duenez, aurrerantzean ere mobilizazio gehiago izango dira, “erasoen tamainakoak”. Lanbide aurreko elkarretaratzea ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CGT-LKN eta CNT sindikatuek eta ehundik gora gizarte-erakundek deitu dute.

 

Euskal Herrian zehar milaka lagunek hartu dute parte Lanbideren eta  Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bulegoen aurrean izan diren bilkuretan. ELAko idazkari nagusiak nabarmendu du murrizketek langabezia gehitzea eragingo dutela, eta ekonomia erreala pikutara doala. “Murriztea ez da amaitu, eta horrek langabezia eta pobrezia gehituko du. Ekonomia ez da pizten horrela; aitzitik, gero eta gehiago motelduko da”.

Muñozek Lopez Lehendakariari ere kargu hartu dio, helegiteak sartuz denbora irabazten saiatzen ari baita, jakinik ez dutela aurrera egingo. “Politikariak ezetz esatera ausartu behar dira; murrizte politikari intsumisio jarrerarekin aurre egitea exijitzen dugu”. Hain zuzen, ELAko buruak gogora ekarri du PP eta PSOE bat datozela oinarri-legeak erabiltzerakoan.

 Argazki gehiago