Muñoz: “Murrizketen aurrean jarrera politiko irmo eta sinesgarri bat eskatzen dugu”

2012/05/01
Muñoz: “Murrizketen aurrean jarrera politiko irmo eta sinesgarri bat eskatzen dugu”
“Ezinbestez, sindikatua” lemapean 11.000 lagunek parte hartu dute gaur Maiatzaren Lehena dela-eta ELAk Bilbon deitutako manifestazioan. ELAko idazkari nagusiak, Adolfo Muñozek, Txiki, murrizketen aurrean “jarrera politiko irmo eta sinesgarria” eskatu du, eta murrizketak ez egitea “sinesgarri izaten hasteko modurik onena” dela azpimarratu du.

ELAko idazkari nagusiak gaineratu du murrizketak jarraituko dutela. “Auzia ez da juridikoa. Aitzitik, lehen mailako eztabaida politiko bat da. Gai sozialetan eragiten du, eta euskal administrazioak Madrilgo ordezkaritza administratibo huts bihurtzen ditu; erabakitzeko aukera oro ukatzen die”.

Bestalde, behar sozialak inoiz baino larriagoak direla nabarmendu du. Horregatik Ogasunei eskatu die opari fiskalak bertan behera utzi ditzatela, eta iruzur fiskalaren aurka gogor borrokatzeko. “Ekonomiaren hazkunde garaian Ituna eta Hitzarmena errenta altuei eta kapitalen errentei zergak jaisteko baliatu ziren”.

Muñozen hitzetan argi dago sindikalizatu gabeko esparruetan ez dela negoziazio kolektiborik izango. “ELA erronka horri aurre egiteko prest dago. ELAk baliagarri izan nahi du, eta bere klase-nortasunari leial. Gauza bat galarazi nahi dugu: lan-baldintzak enpresarioek alde bakarreko erabakiz ezartzea”.

Irakurri hitzaldi osoa

Ikusi bideoa