Muñoz: “Patronalari dena, langileak hor konpon”

2010/05/14
ELAk krisialdian finantza sektoreari Espainian zein Europako Batasunean emandako laguntzen inguruko txostena aurkeztu du Bilbon. ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek aurkezpenean salatu duenez, agerikoa da Espainiako Gobernua bankuen esanetara dagoela.

"Zapaterok izugarrizko laguntzak eman dizkie bankuei, musu truk. Hala eta guztiz ere, ez da ezta urrats bat ere eman gehiegikeriak eta finantza-espekulazioa galarazteko, eta kreditu-politikari ez zaio baldintzarik jarri. Datuok      agerian uzten dute gobernuak ugazaberiaren eta finantza-erakundeen      esanetara daudela, eta nahi beste diru ematen diete, atal      horretan aurrekontu-murrizketak egin beharra argudiatu gabe" Zapaterok 61.000 miloi eman die banketxei dagoenekoz eta ajusten bitartez 65.000 lortu nahi ditu.

Europako Batasuneko egoera ere berdintsua dela jasotzen du txostenak. "Bankuek,      dagoeneko, 3.000 euroko transferentzia jaso dute, Batasuneko      biztanle bakoitzeko. Izugarrizko dirutza da, langileon patriketatik atera den dirua. Eta, bitartean, langileoi, deus. Hor konpon! Oso larria da, kontuan izanda nortzuk sortu duten krisia eta nortzuk ari garen ordaintzen".

Oraingo krisialditik bidezko eran irteteko, eta etorkizunean berriro arrazoi berberengatik beste krisirik gertatu ez dadin, politika publikoak goitik behera aldatu behar direla azpimarratzen du txostenak: finantza-merkatuak arautu, espekulazioa galarazteko; lan-baldintzak hobetu; zerga bidezkoagoak ezarri, eta gastu publikoa gizarte-premiak estaltzera bideratu. "ELAk proposamen asko egin ditu -gaineratu du Muñozek-, behin eta berriz, aipatutako arlo horietan".

 

Irakurri Txostena