Muñoz: “Politikak aldatzen ez badira, langabezia eta pobrezia hazi egingo dira”

Goizean Bilbon egindako agerraldian ELAk pobreziaren egoerari buruzko iritzia eman du. Krisiaren emaitzetako bat pobreziaren eta gizarte desberdintasunen areagotzea da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko txostena aurkeztu berri du. Muñozekin batera, Mikel Noval, arlo sozialeko arduraduna eta, Julene Gabiola, azterketa bulegoko kidea izan dira.
ELAren aburuz, egoera honen ardura botere publikoena, ekonomikoena eta finantzieroena da. “Ados jarri dira justua ez den aberastasunaren banaketa ezartzeko, gizarte eta lan eskubideak murrizteko, presio fiskala jaistea ondoriotzat ekarri duen politika fiskala ezartzeko (iruzur fiskala eta errenta altuei eta kapitalari zergak jaitsiz). Gobernuek botere ekonomiko eta finantzieroak eskatutako guztia egin dute, izugarrizko funts publikoen transferentziak barne (216.000 milioi estatu espainiarrean, biztanleko 4.500 euro)”.
Era honetan, nabarmendu dute, pobrezia arriskuan dauden etxeetan bizi diren pertsonen kopurua %77,9a hazi dela 2008az geroztik. “2012an 157.686 pertsona izan dira beraien oinarrizko beharrizanak betetzeko sarrera nahikoa izan ez duten pertsonak, biztanleriaren %7,3a. Azken 25 urteotako zenbatekorik handiena izan da hau”.