Muñoz: “Soldatak defendituz enplegua defenditzen da”

2011/11/14
Lan-baldintzek pairatzen duten erasoen aurka egiteko lantegiak eta sektoreak sindikalizatzea ezinbestekoa dela, azpimarratu dute ELAren ordezkariek. Bestalde, egin diren erreformen helburua, baita etorkizunean egingo direnenak ere, lan-baldintzak okertzea dela, adierazi dute.

Ebidentzia hau ikusirik, sindikatu baten erantzukizun nagusia antolakuntza lantzea dela, harik eta negoziazio-esparru bakoitzean errespetua lortzeko indarra izan arte, aitortu dute Adolfo Muñoz “Txiki”, idazkari nagusiak eta Joseba Villarreal, negoziazio kolektiboko arduradunak Bilbon emandako prentsaurrekoan.

Soldatek aberastasunaren banaketan 7 puntu galdu dituztela, azaldu du Joseba Villarrealek. “Dau hau esanguratsua da, baina geu gara aipatzen dugun bakarrak. Patronalak, gobernuek eta, ostera ere, 'adituek', lotsagabe diote moneta debaluatzea ezinezkoa izanik soldatak debaluatu, murriztu beharra dagoela. Ez omen du axola “barne-kontsumoa” gutxitzea, produkzioa kanpoan salduko bailitzateke. Beraz, hemen prekarietatea hedatu behar da, “esportatu” ahal izateko”.

ELAk, berriz, dio eredu hau bidegabea, demagogikoa eta interesatua dela, eta guztiz faltsua, gainera. Horren amaiera posible bakarra ekonomiaren kolapsoa da. Lehiatzeko ustezko abantaila hori –barne-prekarietatean oinarritua hutsala da beste estatuek gauza bera eginez gero. Eredu honek enplegu asko eta asko suntsitzen du”.

2012rako arlo publikoan iragartzen ari den izoztearekin, langileek 2010eko maiatzetik hona soldataren %13a galdu dutela dutela, argitu du. “Erabaki hori ez da unean-unekoa. Erabakitzen ari diren politikek –baita noiznahi erabakiak europar erakundeen eskuetan uzteko joerak, hauek finantza-botere eta enpresa handientzat lanean ari direlarik– are murrizketa gehiago ezarriko direla pentsa arazten dute, nola soldatetan zein zuzeneko eta zeharkako (azpikontratetako) lanpostutan. Hau politika burugabea da”.

Muñoz, bere aldetik, enpresarioek Zapatero zukutu egin dute, ahal zuten guztia, adierazi du. “PPrekin bere aldeko erreforma gehiago lortuko duela sinetsita gaude. Rajoyek iragarri du negoziazio kolektiboa erreformatu egingo duela, sektore-hitzarmenetan enpresentzako gutxienekorik ezar ez dadin eta enpresa mailan lan-baldintzak merkatzea posible egitearren”. ELAko idazkari nagusiaren iritziz, minimorik ez legoke. “Patronalak estatu mailako sektore-hitzarmenek lehentasuna izateko aukera erdietsi du, beste esparru batzutako sektore-negoziazioekiko –izan ere, estatu mailakoak erabat kontrolpean baitauzka–; horrela beste helburu bat lortuko luke: Enpresa esparruaz baliatzea, lan-baldintzak are gehiago desarautu, malgutu eta prekarizatzeko. Lan-baldintzek ez dute krisi honekin zerikusirik izan, baina patronalaren posizioa indartzeko erabiltzen ari dira, klase politikoaren babesarekin”.

Patronalaren asmoak geldiarazteko modu bakarra antolakuntza sindikala dela, azpimarratu deu ELAko idazkari nagusiak. “Hori da bide bakarra. Gure egiteko bakarra sindikalizazioaren alde egitea da. Lan-baldintza duinak lortzeko behar dugun negoziazio kolektiboa esparru bakoitzean iristen dugun antolakuntza sindikalaren araberakoa izango da”. Muñozek adierazi du Estatu mailan lan-harremanen sistema eredu erabat desarauturantz doala eta erreforma horiei erantzun beharra dagoela. Era honetan, badirela lan sindikala egiteko ipar izan daitezkeen guztiz desaraututako sistemak, esaterako, ipar Ameriketakoa, argitu du. Duela gutxi argitaratu den estatistika batek dioenez, AEBetako enpresa sindikalizatuetako beharginek antolatu gabeko enpresetakoek baino soldata hobeak dituzte, %20 gehiago irabazten dute, eta gainera osasun-asegurua dute (hau ipar Ameriketan abantaila nabarmena da).

Egoera honen aurrean ELA, erronkari erantzuteko prest dagoela, azpimarratu du.ELAk inboluzio laboral eta sozial honen erronkari aurre egingo dio. Lan-baldintzak erabakitzerakoan zer esana izan nahi badugu, orain eta gero;  negoziazio-esparru bakoitza sindikalizatzea beste aukerarik ez dago (hots, afiliatzea eta afiliatuak antolatzea). Eta borroka; eraso hori geldiarazi egin behar dugu, eta horretarako antolakuntzan saiatzea dagokigu. Izan ere, eraso hori gailenduz gero, soldatetan eta enplegutan ordainduko baikenuke”.