Muñoz: ”Enplegua lehentasuna izan gabe jarraitzen du Eusko Jaurlaritzarentzat”
2014/02/24
ELAren aburuz Eusko Jaurlaritzaren 2014-2016ko Enplegu Planak ez du aurretik egindakoak ordezkatzeko asmorik. “Jarraipen hutsa da eta ez du enplegua sortzeko balio izango”, adierazi du Adolfo Muñoz idazkari nagusiak. Izan ere, ELAk Jaurlaritzaren planari buruzko hausnarketa plazaratu du gaur goizean Bilbon.
Adolfo Muñozekin batera Mikel Noval, arlo sozialeko arduraduna, eta Janire Landaluze, ikerketa bulegoko kidea, izan dira agerraldian. ELAren iritziz iniziatiba oso lausoa eta agortua da. Era honetan, plan honetako neurriak prekarietatea areagotzen duela eta Jaurlaritzaren langabeziarekiko kezka erretolika hutsa dela salatu da prentsaurrekoan.
Enplegua sortzeko politikak izateko lehenik aurrekontu eta zerga-politiketan erabateko aldaketa egin behar dela azpimarratu du ELAk. Bide horretatik, Ongizate Estatuarekin zerikusia duten zerbitzu publikoen garapena eskatu da. Bestalde, industria-politika bultzatzeko plan konkretuekin batera, Enplegu-Zerbitzu Publiko sendoa eta kalitatezko formazio eredua exijitu du ELAk.