Muñoz: "Eusko Jaurlaritzak azpikontratetan babesa ematen die enpresa piratei"

2016/02/05
ELAk Eusko Jaurlaritza salatu du, lan-munduaren hondatze-prozesuari mugarik jarri nahi ez izateagatik. Salaketa hori gaur plazaratu da Gasteizen, LHE-ILPren aldeko jardunaldian. LHE hori 2014an aurkeztu zuen sindikatuak, kontratazio publikoetan klausula sozialak sartzeko helburuz. Klausula horien artean azpikontratetako langileei subrogazio-eskubidea aitortzea zegoen. Gaurko ekitaldia Ogeta frontoian burutu ostean, hara bildutako 1.800 ordezkariak manifestazioan joan dira Eusko Legebiltzarreraino.

Sindikatuko ordezkarien aurrean ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz “Txiki”k hitzaldi bat eman du esanez Jaurlaritzaren jarrera bat datorrela Confebask-en jarrerarekin, eta murrizketa-politikaren haritik datorrela; zeren aurrekontuetan, beste edozein punturen aurretik, batez ere gizarte-arloko puntuen aurretik, lehentasuna murrizketei ematen baitzaie. “Apustu egin dute, berriz ere, euskal administrazioek azpikontrataturiko pertsonen prekarietatearen alde, esleipen publikoetan beherapenak lortzearen trukean, nahiz eta 55.000tik gora pertsonaren bizimoduaren eta lan-egonkortasunaren konturakoa izan”. Muñozen esanetan “erabaki burujabea izan da ezetz esatea milaka pertsonaren lan-baldintzak hobetzeari. Ez da Madrilen ezarpena izan. Legebiltzarrak baietz esan lezake, inork ez dio hori eragotziko, baina ezetz esan du”.

Alde horretatik PSE-EEren jarrera kritikatu du, LHE ahalbidetzen zuten zuzenketa batzuk prestatu arren, “egiazko ordua heldu denean bistan geratu da zein den kezkatzen duen subrogazio bakarrak: bere karguen subrogazioak”.

Muñozen esanetan Eusko Jaurlaritzak LHErekiko izan duen aurkako jarrera oso adierazgarria da, bere benetako enplegu-politika islatu baitu. “LHEri ezezko botoa emanez Jaurlaritza patronalik atzerakoienaren aldera lerratu da. Lan-baldintzak, diren ziztrinak direla ere, langileek onartu behar dituztela dioen patronal horren aldera lerratu da. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak berak lizitatzen dituen obra publikoetan enpresek 12 orduko lanaldiak ezartzen dizkiete langileei 5 euro orduko ordainduz. Eusko Jaurlaritzak dumping egiten du, eskaintzarik merkeenei ematen baitie lehentasuna”.

ELAko idazkari nagusiak pentsatzen du LHEri emandako ezespena albiste ezin hobea izango dela enpresa piratentzat, azpikontratetako langileak esklabo moduan tratatu nahi dituzten enpresentzat. “Aste honetan EAJ/PNVk eta PSE-EEk adostu duten testua boikota da LHEaren gai nagusietarako: subrogazioa eta erreferentziako hitzarmen kolektiboen aplikazioa. Ez da aurrerapausorik eman, ez dago ezer onik, ez enpleguaren egonkortasunaren aldetik, ezta enpleguaren baldintzen aldetik ere”.

Dena dela, Muñozek aurreratu digu LHEren klausulak eztabaidagai aurkeztuko direla herri-erakunde guztietan. “Zorionez Parlamentua ez da biziaren azken muga. LHErekin hartu duzuen engaiamenduak indar gehiago emango digu aurrera jarraitzeko, azpikontratetako lan-baldintzak hobetzeko borrokan”.

Idazkari nagusiarekin batera Negoziazio Kolektiboko arduradun Joseba Villarrealek parte hartu du, eta baita ELA-Zerbitzuak Federazioko arduradun Mari Cruz Elkorok ere.

Villarrealek esan duenez ELAren LHEren izapidetza benetako oztopo-lasterketa bat izan da, 110.000 sinaduraren sostengua izan arren. “Egia esan, ekimena Legebiltzarrean aurkeztu bezain laster Eusko Jaurlaritza izapidetza eragozten saiatu zen. Gero, Bizkaiko Foru Aldundia horri buruzko eztabaida oztopatzen ahalegindu zen, eskumenen gatazka bat argudiatuz. Arbitraje batzorde bat, epaitegietako ordezkariak ere partaide izanik, izan da azkenean tramitazioari bide eman diona. Ondoren, batzordean zegoela, zenbait legebiltzarkidek begirunea galdu diote ELAri, eta beren aurreiritziak azaldu dituzte sindikatuarekiko. Izan ere, kezkagarria bada LHE hau onartzeko hain borondate politiko eskasa erakutsi izana, eta are kezkagarriagoa horren azpian dagoena: hainbat politikarik ingurune sozio-sindikala batere ez ezagutzea, eta ordezkatzen omen duten gizartetik hain urruti egotea”.

Halaber, exijitzen dugu bermatzea gutxienik erreferentziako hitzarmen sektorial probintzialak aplikatuko direla. Gaur arazoak ditugu Administrazioak egiten dituen lizitazio guztietan. Bere politikaren ondorioa: kaleratzeak eta lan-baldintza okerragoak; kasu batzutan benetako esklabotza egoerak sortzen dira, esaterako hezkuntza sailaren obretan: orduko 5 euro kobratzen ari dira langileak, egunean 10 ordu lan eginez”,adierazi du Elkorok.