Muñoz: "Gobernu guztiak aritzen dira gizarte-desorekak handitzen"

2013/09/18
Muñoz: "Gobernu guztiak aritzen dira gizarte-desorekak handitzen"
Adolfo Muñoz "Txiki", idazkari nagusiarekin egindako elkarrizketa luze bat jasotzen du hilabete honetan Landeia aldizkariak. Kurtso berriaren atarian egoeraren azterketa egiten da bertan eta bere osotasunean jaso dugu hemen.

 

Nolakoa da oraingo egoera?

Oso-oso latza. Batetik, kapitalismo globala dugu, multinazional eta banku handietan boterea inoiz baino gehiago kontzentratu duena; eta bestetik, gobernuen politika, inoiz baino menpekoagoa. Benetako agintea duten erakundeak sufragio unibertsaletik kanpo daude (Nazioarteko Diru Funtsa —FMI—, Europako Banku Zentrala, Europako Batzordea...), eta gobernuek men egiten diete erabaki guztietan (lan- eta gizarte-eskubideak suntsitzea, eta arlo publikoa pribatizatzea). Agintea dutenentzat eragozpen hutsa da arlo soziala, eta kolektiboa. Bizi garen garaiari ondo doakion goiburua zera litzateke: “desjabetzatik bidegabeko jabetzara”.

Politikariak menpean dituela ikusita, kapitala bere zortzikoan dabil, eta krisiaz baliatzen da langileriari xantaia egiteko.

Zer da harrigarriena?

Ez dakit harritzekoa ote den. Gogorrena... ikustea aukera ezkertiarrak proposatzeko baldintza objektiboak badaudela, eta praktikan ez direla proposatzen. Gobernuek uhalak askatu dizkiete zoro aseezin batzuei, eta hauteskundeetan aginterik gabeko agintariak hautatzen dira. Hori horrela, gogorrena erreakzio politikorik ez ikustea da.

Europako Batzordeko kide batek argiro esaten zuen: “Gobernuek ez zituzketen beren politikak aldatu, Europako erakundeetatik behartu ezean. Europan adostasuna dago gobernuekin, batek ere ez dio ezetz esaten goitik proposaturikoari, zorraren presioagatik. Nork esan egindakoa bezalako lan-erreforma Espainian egingo zenik? Ezinbestekoa da presio hori bera egiten jarraitzea”. Argiago ezin esan. Asmoa da, krisiaz baliaturik, kapitalaren onerako diren erreformak aurrera ateratzea.

Onartezina da politikariek betiko lelo hori errepikatzea: “denok bizi gara dezakegunaren gainetik". Horrela, modu baldarrean, berdindu nahi dira espekulatzailearen, gobernuaren eta laguntza sozialaren jasotzailearen erantzukizunak. Zentzugabekeria hutsa da.

Nolako garrantzia du ustelkeriak horretan?

Garrantzi handia du, ideologiaren aldetik eta diruaren aldetik. Are handiagoa Espainiakoan bezalako estatu batean. Botere ekonomikoaren eta politikoaren arteko harremanen sistemaren isla ustelkeria da. Alderdi politikoek, finantzaketaren trukean, talde ekonomikoen aldeko erabakiak hartzen dituzte (erosita daude): lurzoruaren legeak eta esleipenak eraikuntza-enpresei, monopolioa elektrizitate-enpresei, diru publikoa bankuei... Lotura hori gabe ezin dira ulertu enpresa handi asko. “Cibeles kapitalismoa” deitzen diote.

PPrena ez da kasu bakarra, egiturazkoa da. Komunikabide batean agertutakoaren arabera PSE-EEren aurrekontuan afiliatuen kuotek %1,26 osatzen dute. Zein nolako burujabetasun finantzario eta politikoa du alderdi horrek? Zenbat kreditu barkatzen diete bankuek, eta zeren trukean? PSOEri eta beste batzuei. PSOEk Konstituzioa aldatu zuen, espekulatzaileak lasai gera zitezen.

Europako erakundeei bost axola zaie ustelkeria, baldin eta erreformak gelditzen ez badira. Edozein herrialdetan, dakiguna dakigula, gobernuak dimisioa aurkeztu, eta hauteskunde berriak egingo ziratekeen.

Orain, ustelen eta alderdi babesleen itxaropena da delituak preskribaturik egotea da, honez gero, eta jardunak deusez jotzea, edo epaile adiskide bat suertatzea (horretarako kontrolatzen dute botere judiziala), eta “hemen ez da ezer gertatu” esatea.

Ez da Estatuan bakarrik gertatu, Nafarroan ere azaleratu da... Hori zen “navarrismoa”?

Hori ere bai. “Navarrismoa”k erakundeak kontrolatzen zituen, kutunkeria-sareak bilbatzeko. Gobernua, CAN, patronala, OPUS... Eta politika horri —berez antisoziala eta antieuskalduna— PSNk bere sostengua eman dio. Baita CCOOek eta UGTk ere.

Ez genuke nahastu behar gobernu-aldaketa eta aldaketa politiko-soziala. Politika bakuntzea nahikoa izan daiteke hautesleak mobilizatzeko, baina aldaketa sozio-politikoa ekarri nahi izatekotan lan sakona egin behar da.

Eta komunikabideak?

Gehienak —publikoak ere bai— sistemaren propaganda-tresnak dira. Informazioa baino, datuak neurriz gainezka ematen dituzte. Ez dago eztabaidarik ikuspuntu desberdinen artean; horren ordez tertulianoak daude, eztabaidan arinkeriaz aritzen direnak, eta gehienek ukitu antisindikal izugarria dutela.

Komunikabide horiek boterearen zigorgabetasuna ziurtatzen ahalegintzen dira, gobernu esanekoen irudia garbitzen, kritika soziala desitxuratzen... Euskal komunikabideak ez dira salbuespena. Botereak adoregabetu nahi ditu herritarrak —banaka eta orokorrean—; sinestarazi nahi digute ez dagoela zer eginik. Desinformazioa eta jakineza giltzarri dira aipaturiko helburuak lortzeko. Komunikabideek eginkizun hori betetzen dute.

Zein dira botere ekonomikoaren eta politikoaren helburuak ari garen aldi honetan?

Errentaren eskualdatze erraldoia egitea kapitalari. Bankari egiten ari zaio; patronalari lan-erreformaren bidez; aseguru-etxeei eta bankuei pentsio-erreformaren bidez... Gainera, ahuldu nahi dituzte aurka egiten duten sindikatuak eta antolakunde sozial eta politikoak. Indibidualismo hutsa nahi dute. Indibidualismoa zabaltzen bada, kontraboterezko antolakunde kolektiboak ahultzen badira... haiek aterako dira garaile.

Atsekabegarria da klase politikoko gehienak sor eta gor geratzen direla ikustea. Gobernu guztiak aritzen dira gizarte-desorekak handitzen. Denak. Agerikoa da. Gasteizko eta Iruñeko gobernuak ere bai.

Langabezia goraka doa etengabe...

%17,3ko tasa dugu, 15.355 langabe gehiago orain dela urtebete baino, eta guztira 223.832. Pertsona horien %45,3ek ez dute ezein prestaziorik jasotzen, eta %34,4ek bakarrik kotizaziopekoa. Datu horiek eta guzti, gobernuek udako datuak ospatu dituzte jai-giroan. Baina sorturiko enplegua lanaldi partzialekoa, aldi batekoa eta ziztrina da. Azken urtean 50.600 lanpostu galdu dira Euskal Herrian. “Ziklo-aldaketa” gertatu dela esatea arinkeriaz hitz egitea da.

Badirudi kalean ez dabiltzala, eta ez dutela ikusten gero eta denda txiki gehiago ixten direla, jarduera ekonomiko erreala geldotzen ari dela. “Salgai”, “errentan”, “eskualdatzeko” bezalako kartelak nongura ikusten dira, eta herri zein hirietan denda itxitako guneak; aldiz, baimenak ematen jarraitzen dute merkatalgune handiak irekitzeko, segituan inguruko denda guztiak itxiko direla jakin arren.

ELAk ez du ikusten zikloa aldatzen ari denik.

Esportazioak, finkatuz gero (eta herrialde gorakorrak geldialdirantz doaz), ez du xurgatuko barne-kontsumotik galdu den guztia, galera handia izan baita. Ekonomia erreala kolapsaturik dago; bankak berankortasun-tasaren markak hautsi ditu, ez du krediturik ematen, eta negozioa zor publikoan bilatzen du. Aditu independenteen arabera Oliver Wyman-ek Espainiako banka-sistemari egin zion auditorian azpitik hartu zuen kontuan haren toxikotasuna. Soldatak jo-puntuan, eta gizarte-prestazioak murrizturik. Aurrekontu-murrizketa izugarriak. Eta galdetzen diot neure buruari... Zertan oinarritzen dira, ziklo-aldaketa poz-pozik aldarrikatzeko?

ELAk gizarte-mobilizazioaren beharrizana azpimarratzen du.

Ez dago zalantzarik. Beste lan-erreforma bat prestatzen ari dira (abuztuaren hasierakoaz gain), eta beste pentsio-erreforma bat. Greziari begira jarraitu behar dugu. Han, hirugarren “erreskatean” daude, dirua Alemaniako eta Frantziako bankuetara itzul dadin, haiek baitira hartzekodunak. Orain ondare historikoa salgai jartzera behartuko dituzte. Partenoia saldu eta hondartzak pribatizatu behar!

ELAk ez du bakarrik proposatzen mobilizazioa; kontua da aliantza sindikalak eta sozialak landu behar direla, alternatiba bat finkatze aldera. Eta horretarako, noski, mobilizatu beharra dago. Mobilizazioa bide bakarra da politika mugiarazteko.

Eta beste pentsio-erreforma bat, iraunkortasun-faktorea kontuan hartuz.

Ustelek ez dute atsedenik hartzen. Kontratu ziztrinak zabaltzen dituztenek erabaki dute ez direla finantzatu behar zergen bidez; eta enpresen kotizazioak jaitsiko dituztela iragarri dute... “iraunkortasuna” aipatzen digute oraingo honetan. Ezinezkoa da pentsio-sistemari eustea, diru-sarrerak urritzen badira. Gobernuak proiektu bat aurkeztuko du Parlamentuan irailean. Bere egin ditu Adituen Taldearen gomendioak (CCOOko kide batek hartu zuen parte, eta aldeko botoa eman zuen). Helburua? Pentsioak eguneratzean KPI ez hartzea kontuan (eroste-ahalmena urtero galtzea), eta geroko pentsioak automatikoki egokitzea zenbait faktoreren arabera (bizi-itxaropena...) Horretarako, oso doikuntza gogorrak egingo dira. Galerak %10 eta %20 bitatekoak izango dira. Ez dago arrazoirik erreforma hori zuritzen duenik. Pentsio-funts pribatuen mesedetan ari dira. Erreforma horri, behar bezala, erantzun beharko diogu, jakina.

Ildo horretatik doa Eskubide Sozialen Gutuna?

Bai. Kontua da Hego Euskal Herriko esparruan aukerako proposamenak adostea; herritar guztientzako eskubide sozialak zehaztea; eta Gutun hori erreferentzia bilakatzea, hartaz baliaturik botere politikoa premiatzeko.

Guk, sindikatu gisa, dugun erantzukizuna Gutuna gizarteratzea da, lan-mundutik hasita; eta aliantza sozialak bilbatzea. ELAk garrantzi handia ematen dio Eskubide Sozialen Gutunaren inguruko lanari.

PNVk eta PSE-EEk adostu beharreko erreforma fiskala iragarrita dago.

Superabit garaian zergak jaitsi zizkieten aberatsei. Denetarik egon da; dena, informazioa eta partehartze soziala izan ezik; elite bat arlo fiskalaz jabetu dadin. Kutxa publikoak deskapitalizatu dituzte, eta krisialdiko bost urteetan ezer aldatzerik ez zegoela esaten ari izan dira; gure fiskalitatea, ostera, espainiarra baino are bidegabeagoa da.

Ekonomia Itunaz baliatu dira patronalaren aldeko politika egiteko. IBEX-35eko enpresa handiek ez dute ia-ia zergarik ordaintzen (2011n %4). Enpresa horietako batzuek Hego Euskal Herrian tributatzeko beharra dute. Ba ote dago jakiterik zer ordaintzen duten? Kendura-jokoak eta ingeniaritza fiskalak miraria egin dezakete: %30eko tasa nominalak izanik ere, azkenean %4 ordaindu ahal izatea. %4!!! Ez dago lotsarik. Nolatan esan dezakete ez dagoela dirurik gizarte-politika egiteko?

Tamalez, lau euskal ogasunetako batean ere ez dugu ikusten fiskalitate-arloko aukerako politikarik; Gipuzkoan ere ez. PNVk eta PSEk hona ekarri asmo dute PPk Espainian burutu duen politika fiskala. Guk ez dugu azaleko ukiturik nahi, funtsezkoa aldatu barik uzteko.

ELAk Zerga Koordinazioko Organoa (organo iluntzalea, inon bada) desagerrarazteko eskatzen du, eta eztabaida fiskala denon aurrean egiteko —partaidetza sozialarekin—. Aldaketa sakona eskatzen dugu: azken urteotako opari fiskal guztiak erretiratzea, eta iruzurra zigortzea, ez baita gutxi. Komunikabideetan irakurri ditugun PNVren eta PSE-EEren proposamenak ez doaz ildo horretatik. Hala ere, aditzera ematen dituztenean guk aztertu eta balioetsiko ditugu. Nafarroako egoera ez da bestelakoa. Azken erreforma UPNren eta PSNren artean adostu zuten.

CCOOek eta UGTk behin eta berriz parte hartzen dute elkarrizketa sozialeko mahaietan.

Ba ote da elkarrizketa sozialik? Mahai horien helburua da partaideei finantzaketa bermatzea, eta gobernuek patronalaren mesedetan egiten duten politikari sostengua ematea. Politika inoiz ez da erabaki hain alde bakarretik.

PNVk eutsi nahi die mahai horiei, eta finantzabide hori mantendu nahi du. Non eta zentralizazio basatia erabakitzen den tokian (arlo sozio-laboralean CCOOen eta UGTren oniritziaz), arlo publikoa negoziazio kolektiborik gabe uzten den tokian, aurrekontuetan egundo ez bezalako murrizketak adosten diren tokian (gizarte-larrialdietako laguntzetarako ez omen dago dirurik, aldiz, AHTn dirua eurrez xahutzen dute)... horrelako foroetan zer arraio egiten du sindikatu batek? Finantzaketa da arrazoi bakarra. 

GURE EGINKIZUN NAGUSIA ANTOLAMENDUA DA.

Zelakoa da egoera uztailaren 7az geroztik?

Patronala erreformez baliatu da enplegua suntsitzeko, eta soldatak jaisteko. Langabeziaren kopuru handia erabiltzen dute xantaia moduan. Ez dute nahi hitzarmen kolektiborik, non eta ez ditugun onartzen haien nahikari guztiak.

Enpresa askok jakinarazi dute ez daudela jadanik aurreko hitzarmenen eraginpean (zenbaitek aurrera-eragina kendu baino lehenagotik). Eta aurreko hitzarmenaren ordez zer egongo ote da? Beste hitzarmen kolektibo bat edo enpresariaren borondate hutsa? Sindikatuak zerbait esan behar du horren aurrean. ELAk hitzarmen baten alde lan egiten du, eta soldaten kaltetan joan barik izan dadin.

Horren haritik, zerbitzu juridikoen lana goraipatu behar dugu. Espedienteen kopurua goraka joan dira etengabe, eta lan-karga ere bai. Sindikatu osoak aitortu behar die dedikazio militante hori.

Soldatak jaisten ari dira honez gero?

Zenbait ondorio atera daiteke. Lehenengoa, patronalaren erresistentzia (kontrolpean dituen mahaietan) soldaten eroste-ahalmena mantentzeko; bigarrena, sektore-hitzarmen askotan (gaur ez dira gutxienezko maila) soldata-izozketa edo horren hurrengo adosten da; hirugarrena, EEEak xantaia moduan erabiltzen dira soldatak jaisteko; eta laugarrena, Nafarroan, non sektore-hitzarmen gehienak itxita dauden (CCOOen eta UGTren gehiengoa), soldata-jaitsiera handiagoa da, EAEn baino. Argi denez, soldatak jaisteko, Nafarroako patronalak lan-baldintzak nabarmen aldatuz jaisten dituela. Azken erreformaren ostean, sektore-hitzarmena sinatzea ez da nahikoa lan-baldintzak ziurtatzeko.

Soldatak hobeto zaintzen ari dira esparru sindikalizatuetan, inolako zalantzarik gabe. Askotan gatazkaren bidez. Enpresa sindikalizatuetan arazo handiagoak dituzte beren estrategiak gauzatzeko.

Beste saiakera bat egingo al da Lanbide arteko Akordioa lortze aldera?

Seguru aski. CCOOek, LABek eta UGTk Akordio hori bilatzen dute patronalarekin. Baina patronalera jo orduko —eskakizun apalagoak eginez—, patronala urrunago dago —Rajoyren erreforma gehiago eskueran duela—. Confebaskek bake soziala nahi du, enplegua eta soldatak doitzen dituen bitartean. Lanbide arteko Akordio hori egingo balute, patronalak zilegitasuna izango luke aipaturiko doikuntzak egiteko.

Zertarako balioko digu Lanbide arteko Akordio horrek, ez badio eragozten patronalari sektore-hitzarmenak bete gabe uztea enpresetan, eta de facto behartzen badu sektore-hitzarmenetan soldata-jaitsiera onartzera?

CCOOek, LABek eta UGTk, gainera, badakite balizko akordio horrek ez liekeela amaiera jarriko erreformei. Solaskidea duten patronalak karta markatuak ditu. Patronalak den-dena lortzen badu gobernuetatik —lege bidez—, ez du zertan amore eman horrelako lanbide arteko akordioetan.

Nafarroan, CCOOek, UGTk eta CENek erabaki omen dute Madrildik datorren guztia beren egitea. Gainera, "Enpleguaren aldeko Akordioa” berritzea hitzartu dute Barcinaren Gobernuarekin. Nafarroan ere diru-beharrizanak dira arrazoi nahikoa horrelako akordioak sinatzeko.

LABekiko desadostasunak sakonak al dira negoziazio kolektiboan? Bai. LABek ez du aliantza bat egin nahi ELArekin, aldi berriari aurre egin ahal izateko. Diotenez lehentasuna ematen diote negoziazio kolektiboaren egiturari, eta Lan Harremanen Euskal Esparruaren parean jartzen dute. Baina, legez, negoziazio kolektiboaren egitura hustu egin da. Iraganeko negoziazio-eskemak berriro erabili nahi izanez gero, patronala sendoen den esparruetan, eta edukiak inausten dituen tokietan eztabaidatu beharko genuke. Eta helburu horretarako, LABek CCOO eta UGT hautatu ditu. Negoziazio kolektiboaren zentralizazioaren errudunak, hain zuzen ere.

Zer deritzo ELAk Eusko Jaurlaritza bitartekari agertzeari?

Bitartekari... esparru publikoan negoziazio kolektiboa suntsitu duen gobernua? Egindako akordioei iseka egin diena, lanaldia luzatuz eta soldatak jaitsiz? Inoizko aurrekonturik murriztuenak onartuz enplegua suntsitu duena? Non geratu da akordioen aurrera-eragina bere ardurapeko esparruan? Propaganda gorabehera, gobernuak eta patronalak xede berdina dute: doikuntzak enpleguan eta soldatetan. Gobernuak Rajoyren araberako defizita koadratzeko, eta patronalak bere etekinak ugaltzeko.

PPren gobernuak azken erreformaren alderdi nagusi batzuk aldatu zituen abuztuan, eta gehiago egingo duela iragarri du.

Oraingo erreformak ez dira 80 eta 90 hamarkadetakoak bezalakoak. Orduan batetik bestera zenbait urtetako lege-egonkortasuna bazegoen. Gaur egun legeen iraupena patronalari presioa antolatzea kostatzen zaion bezain luzea da. Patronalari, edo Nazioarteko Diru Funtsari, edo Europako Batzordeari, edo Europako Banku Zentralari, edo denei batera... orain gertatu den bezala.

Erreformen etengabeko prozesua da, helburu jakin bat dutela: enpresarien mozkinak hobetzea; horretarako, botere handiagoa emanez, enplegua eta soldatak alde bakarretik kudea ditzaten. Horregatik ahuldu dute negoziazio kolektiboa, eta EEEak aurkeztean epaitegien eskuhartzea indargabetu (lehen Administrazioaren eskumena zen). Azken hori patronalaren eskakizuna zen, eta onartu egin diete.

Politika horren ondorioz enpresa handiak, batez ere, aberastu; eta gainerako guztiok pobretu egin gara. Apustu ideologiko nabarmena.

PPk OCDEri (Ekonomia Lankidetza eta Garapeneko Antolakundea) eskatuko dio aldaketak proposatzeko. Azeriari oilotegia zaintzeko eskatzea bezalakoa da. OCDEren proposamenak aski ezagunak ditugu: kalteordainak merketzea kaleratzeetan, kontratu bakarra, soldatak jaitsi, malgutasun osoa lanaldi partzialeko kontratazioan, gizarte-estaldurarik gabeko kontratuak...

Esportazioen menpeko ekoizpen-eredu batek aukera egiten du beti soldatak jaisteko. Eta horrelakoxea da espainiar eredua.

Garai oso latzak... Zalantzarik ez dago. Eta ez dugu ezkutatu behar. Langileriari esatea “ez kezkatu, hau sindikatuaren egiturak konponduko du”, gezurrezkoa ez ezik, hilgarria ere bada epe ertainera.

Erreforma gidatu zutenak sinetsita zeuden enpresetan ez zela benetako sindikalismorik egongo, patronalari aurre egiteko gaitasuna izango zuena. Bada, baliagarriak izan nahi badugu, mugimendu sindikalak aurretik duen erronkarik handiena antolamendua da, langileak beren lan-baldintzen jabe izan daitezen.

ELAri egindako kritikak, antolamenduari eta afiliazioari lehentasuna ematen diegulako, erabat zentzugabeak dira. Zer uste dute, ba, indar sindikalak ez duela zerikusirik afiliazioarekin? Non dago sindikatuaren zilegitasuna? Patronalaren eta gobernuen onespenean ala langileen atxikimenduan? Fase honetan guri dagokigun lana ez du beste inork egingo. Inork ere ez. Eta oraingo fasea ez da laburra izango.

Gezurrezko gauza asko esan dira, eta sindikatuen arteko lan-giroa hoztu da enpresetan. Tamalgarria da. Esate baterako, sektore-hitzarmenek “nahitaezko maila” finkatzen dutela esatea, hori hala ez dela jakinda; edo itunek, enpresa-hitzarmenek beste, bermatzen dutela esatea. Ibili beharreko aliantza-bidea ezin da ibili, errealitatea faltsutuz gero, edo abiaburuko diagnostikoak okerrak edo lardaskatuak badira.

Patronalak egiten duen sektore-blokeoaz baliatu dira batzuk ELAren kontra aritzeko. Baina aukera horrek ez die konpontzen funtsezkoena: indar-korrelazioa. Ez da negoziatzen nahi duzun tokian, indarrik duzun tokian baizik.

Enpresa-mailako antolamendua aipatzen duzunean, zer duzu gogoan?

Egia da esatea sektore eta enpresa guztiak ez direla berdinak, eta ezinezkoa dela enpresa guztietan gauza bera egitea. Baina egia ere bada esatea ez dagoela esparrurik sindikalizatu ezinezkoa. Uste osoa eduki behar da, eta lan sindikala egin. Ezin digute eragotzi antolamendu-lanari lehentasuna ematea. Hori egin gabe, arazo larria izango genuke gerora.

Ditugun adibideak ikusita, enpresa sindikalizatuetan botere sindikala eta negoziazio-ahalmena dago. Hor dugu, berri-berria, Gipuzkoako egoitzetako kasua. Enpresa sindikalizatu guztiek ezaugarri bat dute amankomunean: hutsetik abiatu ziren, baina sindikalista bakan batzuen militantziari esker (sindikatuaren benetako altxorra) antolamendu-maila eder batera iritsi dira.

Sindikatuko koadro guztien lehentasuna hurbiltasunetik sostengua eskaintzea da lantokietako ordezkariei eta militanteei, sindikalizatzeko behar dituzten ezaguerak, trebetasunak eta gaitasuna eskura ditzaten. Ez dago lehentasun handiagorik, afiliatzea eta afiliazioa antolatzea baino. Estalkirik gabe esan behar dugu, sindikalismorako ez dago eginkizun handiagorik antolamendua baino. Horrek dakarrena zera da: afiliatuak ondo antolaturik eduki behar ditugu lantokietan, lan-baldintzak erabakitzen diren tokian bertan eragin ahal izateko.

ELAk astebeteko mobilizazioak eta grebak deitu ditu, hitzarmen kolektiboak lortzeko asmoz.

Urriaren 21etik 25era doan astea izango da. Jarraituko dugu erreforma azaltzen, soldatak zaintzen, erreforma aurkako klausulak proposatzen, eta hitzarmen kolektiboak ahal ditugun enpresa-esparruetan zabaltzen. Enpresa-esparruak irekitzea benetako alternatiba da, sektore-hitzarmenen blokeo eta debaluazioari aurre egiteko. 

Zer dakarte uztailean onetsitako antolamendu-egokitzapenek?

Gutxiena lau federaziotatik hirutara pasatzea izan da. Abiaburuko diagnostikoa zera zen: Enpresetan ekintza sindikala garatzeko ditugun arazoei aurrez aurre begiratu behar genien. Eta azken erreformak beste akuilu bat izan dira. Aldaketaren helburua? Sindikatuaren zuzendaritza oso-osoa laguntzeko prest izatea sindikalizazio-lanetan, bai lantokietan, bai batzordedun enpresetan, eta baita ahal ditugun ETEetan ere. Horretarako, hiru federazio berrietako zuzendaritzak lurraldeetara jaitsi dira, eta eskualdeetako federazioen ardurak hartu dituzte. Enpresetatik ahalik eta hurbilenetik jardun behar da.

Kontua da ondo egitea ELAren esku dagoena.

Gure konpromisoa dugunetik onena ematea da. Hasteko, sindikatuaren koadroez ari naiz. Badugu lan bat ordezkaezina: antolamendu sindikala prestatzea, sindikatua zerbait hutsala bihur ez dadin. Legeek nahi dituzten langileak bakartuak, ahulak eta erabilerrazak dira. Sindikatua defentsa kolektiboa da. Horregatik erasotzen dute sindikalismoa. Bai, ondo egin behar dugu gure esku dagoena.

Enpresak, ordezkariak, helburu sindikalak (afiliazioarekin loturiko hitzarmena...), eta egitura-arduradunak. Eta dena, federazio eta sektore bakoitzari egokitua. Militantzia antolamendu-lanera engaiatu behar da. Eta gero, lagundu behar diegu. Sindikatu osoaren lehentasuna da, eta hala onetsi dugu. Sindikatua militantzia horri dagokio.

 

NORMALIZAZIO POLITIKORAKO PROZESUA

 

PPk ez du normalizazio politikoa erraztuko. Inola ere ez. Begibistakoa da beste garai batzutan ETAk borroka armatua uzteko erabakiaren ondotik normalizazio fase batean sartu izango ginatekeela. Negoziazio prozesuak izan diren guztietan gobernuek mahai gainean presoen gaia jarri dute. ETAren erabakiak indar politiko guztiak berkokatzea eragin beharko zukeen. Baina ez da hori gertatu ez PPrekin, ez PSOErekin ere. Azken urteetan ez dugu izan gaurko moduko baldintzarik normalizazio politikorako agenda bati ekiteko.

Kontua aski argi dago: PPk erabaki du blokeo egoerari eutsita etekina lortzen duela. PSOE agintean izan zen urteetan Espainiako muturreko indar politiko eta sozial eskuindarrenak xaxatu zituen, eta orain ez du atzera egiteko asmorik. Espainian ez dago eskuin politiko modernorik; aitzitik, neofrankista da. Pablo Gorostiagarekin egin dutena, bere emaztearen azken orduetan egoteko aukera ukatzea, bereziki ankerra eta gizatasunik gabea izan da.

PPk aldebakarreko irakurketa egiten du eta euskal politika normalizaziotik harago ere gidatu nahi du, prozesu politikoa bera baldintzatzeraino. Normalizazioa blokeatu eta espetxe-politika izoztuta, Estatuak ezker abertzalearen deuseztapen politikoa nahi du, eta areago, baita zatiketa ere.

Zer egin daiteke Euskal Herritik? Nazioarteko babesak alde batera utzita, normalizazioa nahi eta behar dugunon artean oinarri batzuk finkatu beharko genituzke, Madril ez baina Euskal Herria gogoan. Ez dugu geure burua engainatu behar; normalizazioa eragozten dutenek berek ukatzen diote gure herriari erabakitzeko eskubidea. Argi dago euskal agenda horrek baduela arazo larri bat: Estatuak dauka espetxe-politikaren eta salbuespenezko legediaren giltza. Esaterako, laster hasiko dira auzi saio berriak, zeinen ondorioz dozenaka pertsona atezuan baitago, politika egiteko borondate hutsagatik.

Normalizazio politikoa lehentasuna bada baldintzatu egin behar du espainiar gobernuarekiko eta indar inboluzionistekiko agenda. Horiekin ezin da harreman normalik izan. Oraintsu Kolonbiako gobernuak erabaki du FARC eta ELN erakundeekin negoziatu egingo duela; gainera, gobernuak berak aitortu du gatazkan giza-eskubideak sarri urratu dituela, eta alde bietan izan direla biktimak. Espainiako eskuinak ez du horrelakorik aitortzen, begibistako kontuak izan arren.

Prozesu Soberanista: gaurko zentralismoa ikusita LOAPA txikikeria zen 

Estatuaren inboluzio zentralista.

Estatua atzera egiten ari da esparru guztietan: Konstituzioaren erreforma, Aurrekontu-Egonkortasunerako Legea, funtsezko gaietan politika egitea galarazten duena (defizit publikoa erabakitzerakoan, esaterako), jasotako eskumenak edukiz husten dituzten oinarri-legeak, irakaskuntzarako Wert Legea, tokiko erregimenaren legea, Merkatu Bakarrari buruzkoa, beste herriekiko akordioak estatuaren baimenik gabe debekatzen dituzten arauak... Horiez gainera, esparru laboral eta sozialeko erreformak (pentsioak…), eskumenik ez dauzkagun arloetan alegia. Hauen ondorioek, areago krisi betean, begibistakoak dira: politika egiteko betarik gabe uzten gaituzte. PPren estatu eredua goitik behera zentralista da. Franco pozik legoke hauekin.

Jaurlaritza eta EAJ tematu egiten dira Estatuaren eta EAEren arteko ustezko harreman bilateralarekin.

Arazo bat besterik ez du tesi honek, halako harremanik ez dagoela benetan. Agerian dauden datuekin harreman bilateralaren erreferentzia galtzaile izango den postura bat da, ikuspuntu nazional zein sozialetik. Azken alea, benetan argigarria, defizit publikoaren “hamarrena”ren ingurukoa izan da: 1,2 zein 1,3 izan, Estatuak erabakitzen du, bakar-bakarrik, defizit maila. Gasteiztik eskatzen zen hamarren bat gehiago ere ezin izan da lortu; bestalde, kopuru txiki horrek aurrekontuko arazo larriak ere ez zituzkeen konponduko.

Erreferentziak politikan oso garrantzitsuak dira. Estatuan politika aldebakarrekoa da. Kitto.

Estatuak ez du aukerarik ematen, ezta autonomismo epel bat garatzeko ere. Jaurlaritzak administratzeko gauza bakarra dauka, bere posizio politikoari uko nola egiten dion eta akordiorik iristekotan, edozein dela ere arloa, Estatuaren tesiak onartzea (horixe gertatu zen enplegu-politikekin). Hala da, propaganda eginagatik ere.

Soberanismoak ba ote du alternatiba sozialik?

Soberanismoarentzat erabateko lehentasuna dute gai sozialek. Baina huts egiten du Rajoyk erabakitako politika egiten badu. Soberanismoaren etorkizuna iluntzen dute politika neoliberalek; jendeak politika soziala behar du, eta joera neoliberala usainduz gero, ez du harekin bat egiten, ez du lotura egiteko modurik topatzen. Administrazio guztientzat politika neoliberal berberak ezartzen dituenean, Estatuak badaki ondo zertan ari den: beste batzuk ordain dezatela berak agindutako politikaren kostua. Baina aginduak betetzea baino hipotesi okerragoa da beste bat: Jaurlaritza PP aplikatzen ari den politikarekin ados egotea.

Eusko Jaurlaritzak badaki, ELAk bezalaxe, autogobernuari buruzko diagnostikoa negargarria dela, baina ez du ondorio hori argi adierazi nahi. Zergatik? Horrek beste estrategia batzuk eskatuko lituzkeelako, eta halakorik ez dute nahi. Estatutuarekin hasitako prozesua ezin da berpiztu, eta burujabetzarako akordio transbertsalak saiatzea kimera hutsa da.

Zein da gure handicap nagusia?

Subirania hauteskundeetako lehiarako uztea. Hau zilegi da, baina baita jokabide antzua ere. Aukerarik ematen digun bide bakarra baztertuz gero, ez dago prozesurik. Zein da gure aukera? Erabakitzeko eskubide demokratikoa ukatzen digutenek egiten duten moduan, abertzaleok eta herrien autodeterminazio eskubidea aldezten dutenak bat egin eta aurrez-aurre jartzea. Bakoitza bere aldetik joanez gero, ez dago Estatua kezkatuko duen gatazka nazionalik. Konfrontazio demokratikoa baztertuz gero, gatazka nazionala hauteskunde kanpainetako erretorikan agortzen da.

Eskozian erreferenduma egingo dute 2014an. Kataluniako Diadan, berriz, herritarren mobilizazio erraldoi bat deitu dute.

Behar bada konturik jakingarriena da mobilizazio sozial handi honek alderdietako eliteak gainditu eta albora utzi dituela, eta hauen erabaki politikoak baldintzatzen dituela. Gaur Katalunian Via Catalanaren erreibindikaziotik at geratzeak hauteskundeetan galera eragingo lioke edozein indarri. Katalanek ondorioak atera dituzte eurek bozkatutako Estatut hura estatuak gutxietsita ikusi ostean.

Gaur Katalunian gertatzen ari denak garrantzi handia du. Herri bat mobilizatzen ari da. Katalunian historia bizi-bizi ari da garatzen eta, hau da garrantzitsuena, subjektu politiko gisa erabakitzeko borondatea dute. ELAk prozesu hori txalotu eta bat egiten du harekin. Sindikatua Katalunian izango da irailaren 11n.