Muñoz: "Gure lanaren helburuak politika publikoak eraldatzea, enplegua areagotzea eta gizarte-eskubideak sustatzea izango dira"

2010/03/27
Manifestazio jendetsuak izan dira gaur arratsaldean Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñean gehiengo sindikalak deituta pentsio eta lan baldintzen murrizketa salatzeko. Bilboko manifestazioaren amaieran hartu du hitza Adolfo Muñoz "Txiki", idazkari nagusiak. Bere hitzetan,"gure lanaren iparra zein den argi daukagu: Aberastasuna banatzeko eztabaida. Hori ahazten badugu, txotxongilo bihurtuko gara politikarien eta enpresarien eskuetan".

ELAko idazkari nagusiak bere poza agertu du mintzaldiaren hasieran, gehiengo sindikalaren deialdiak herrialde guztietan izan duen oihartzuna ikusita. Muñoz “Txiki”k esan duenez, gure sindikalgintza ganorazkoa bada, gogotik erantzun behar die iragarritako erreformei. “Gure lanaren iparra zein den argi daukagu: aberastasuna banatzeko eztabaida. Hori ahazten badugu, txotxongilo bihurtuko gara politikarien eta enpresarien eskuetan". Era berean, Muñoz “Txiki”k azpimarratu du gobernuek ez dutela batere asmorik aberastasuna hobeto banatzeko neurririk hartzeko; ez dago, beraz, beste biderik, indarrak batu eta mobilizatzea baino. “Gastu sozialak ez du krisi hau sortu, inondik inora. Ezta lan-baldintzek ere. Horregatik, langile-jendearengandik hasita, gizarte osoarengana iritsi behar gara sostengu bila, politika publikoak aldatze aldera”. “Helburu hori bera dugu gehiengo sindikala osatzen dugun sei sindikatuok, eta horren alde atera gara kalera orain Hego Euskal Herri osoan, hurrengo beste batzuetan ere egingo dugun bezalaxe” . 

                           

ELAko idazkari nagusiaren mintzaldian zehar kritikak ugari-ugari agertu dira gobernuen politiken aurka, gobernu zentralaren eta hemengo gobernuen politiken aurka. Muñoz “Txiki”k salatu du gobernuen jokabidea, bankaren eta patronalaren esanetara baitaude beti, eta baita iritzi publikoaren manipulazioa ere, “ezkutuan gorde nahi baitute beren politika fiskala eta beren bidegabeko aberastasun-banaketa”. Testuinguru horretan paratu du, bestalde, Egonkortasun Plana, zeina Madrilen onetsi baitzen, EAEko eta Nafarroako gobernuen aldeko botoekin.  “Biek ala biek egin diote uko autogobernua behartsuenen zerbitzuan jartzeari” salatu du.

EAEko botere ekonomikoaren eta politikoaren elkar hartze makurra azpimarratu nahian, Muñoz "Txiki"k nabarmendu du lehendakariaren argazkia, non aholkulariez osatutako "adituen zirkua" agertzen den. “Lotsagarria da politika botere ekonomikoaren eskuetan borondatez uztea.  “Aditu” horiek dira benetan agintzen dutenak, horiek berek eskatzen dituzte pentsioetako eta laneko erreformak" salatu du.

ELAko idazkari nagusiak esan ere esan du Patronala eta Banka herri honen galbide direla, ez zaiela axola handirik gizarte honen barne-bilbadura. “Patronal handia eta banka, politikarien laguntzaz eta sindikatuen oniritziaz, gure eskubideak bipiltzen ari dira, eta pribatizazioaren bidez beren negozioak loditzen. Horretan dautza, berez, erreformak” gehitu du, eta amaitzeko, hauxe esan du “politikariek beren erantzukizunari hain argi uko egitea, oso harrigarria da”.

 

Gero, iragarritako erreformak banan-banan aztertu ditu ELAko idazkari nagusiak, baita azaldu ere gehiengo sindikala zergatik dagoen erreformen aurka. Pentsioen erreforma Bankaren eraginez egin dela esan du, “prestazioak murrizteko eskatzen baitute, jendea arlo pribatura jotzera behartzeko” eta, era berean,  nork eta ministro batek, gomendio gisa, hilean 300 euro bat pentsio-funts batera sartzea esatea arinkeriaz jokatzea dela gehitu du. “Gutariko askorentzat hori ezinezkoa da, jende askorentzat pentsioa ziurtatzeko modu bakarra sistema publikoa da. Gure politikariek, eztabaidan aritzea baino, arintzea dute gogokoago...” kritikatu du. Txikik bere mintzaldian jarraitu du esaten iragarritako erreformek arriskuan jarri dituztela pentsio publikoak, eta gainera, beste ondorio batzuk ere ekarri dituztela: gastu soziala murriztea, soldatak merkatzea, kontratu prekarioak ugaltzea, enpresarien kotizazioak gutxitzea, eta zergak finantzaketa-iturri gisa ez erabiltzea.  Dena dela, arrisku guztietan handiena “politikariak bankaren eskuetan txotxongilo moduan ibiltzea ikustea da”.

  •  
  • Espainiar erara prestaturiko gizarte-elkarrizketa horren ondorioz lan-erreforma bat negoziatzen ari dira “isilpean” Madrilen, eta partaideen arabera “bide onetik” doa. Hori dela-eta, ELAko idazkari nagusiak esan du “langile-kaleratzeak erraztu eta merkatu nahi dituztela, eta enpresariei malgutasun handiagoa eman. Gainera, ABLE/ETTei bide eman nahi zaie orain arte itxita izan dituzten arloetan sartzeko (Administrazio Publikoan eta Eraikuntzan); labur esanda, prekarietate handiagoa nahi dute". Muñoz “Txiki”k salatu du, halaber, behin-behineko langileen tasa handiaz baliatu dela patronala erreforma hau baldintzatzeko, nahiz eta behin-behineko kontratu asko eta asko lege-iruzurrean eginak izan, gobernuen ezikusiarenari esker. “Patronalak iruzurrezko kontratazioa egiten du sistematikoki. Eta gobernuek hori egiten uzten diote” salatu du.

 

      Negoziazio kolektiboaren gaia errepasatu duenean, ELAko idazkari nagusiak argi utzi du "ez dugula utziko zentralizatzen", horrek hitzarmen ziztrinak ekarriko baitzituen. “Gure jendeak negoziazio-esparrua hautatzeko aukera izatea behar du, legearen gehiegikeriak zuzendu ahal izateko, legea itzulingururik gabe patronalaren aldera lerratu baita” dio. Muñozen irudirako, lan-arloan legegintza-eskumenik ez izatea oso defizit larria da, “sindikatu espainiarrek oso merke saltzen baitute”. 

 

Oraingo egoerak duen alde gogorra onartuta ere, ELAko idazkari nagusiak itxaropenezko mezua eman du mintzaldiaren amaieran. “Argazki hutsalak alde batera utzi behar dira, sindikalgintzaren izen ona lohitzen baitute. HIRU, EHNE, STEE, ESK, LAB eta ELA sindikatuok gauzak aldatzeko borondatea dugu, eta aurpegia ematen ari gara. Irabazteko gogoa dugu, eta konfiantza ere bai: ez dugu etsiko, ezta hurrik eman ere..." “Gure apustua ausarta da. Eta ez dugu atzera egingo” ziurtatu du. Muñoz “Txiki”k bere mintzaldia amaitzeko, esan du “lanean jarraituko dugu politika publikoak eraldatzeko, enpleguari eta gizarte-eskubideei eusteko, eta patronalaren xantaiei aurre egiteko", eta "erreforma antisozialen" aurkako deiadar batekin bukatutzat eman du hitzaldia.