Muñoz: "Gure zeregina mobilizatzea eta gizarteratzea da. Bestela aldaketa ez da Nafarroara iritsiko"
Muñozen esanetan, "gure zeregina mobilizatzea eta gizarteratzea da. Bestela aldaketa ez da Nafarroara iritsiko". Era honetan, aurrekontuak neurri handi batean neoliberalak direla adierazi du. Muñozek salatu du Nafarroako Gobernuak ontzat ematen dituela Rajoyk espainiar Estatuko administrazioentzat ezarri dituen defizit publiko mugak. Diru-sarrera urriak eta defizit mugak eragin du erabaki diren aurrekontuetan sail sozialetara behar baino askoz diru gutxiago bideratu direla.
ELAko buruak nabarmendu duenez, Nafarroako Gobernuaren 2017ko Aurrekontu-proiektuak -zeina Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren artean adostu zen- esan nahi du orain arteko zerga- eta aurrekontu-politikari eutsiko diotela, hain zuzen gizartean desberdintasuna areagotu eta biztanleriaren pobretze orokorra ekarri duten politikari. "Are gehiago EH-Bilduk eta Podemosek Euskal Autonomi Elkarterako eta Espaniarako adibide on bezala hartzeak fiskalitate alorrean eman diren aldaketa urriak zer pentsatu ematen digu".
Bestalde, Muñozek salatu duenez, dirua etengabe eskatzen ari zaie gobernuari UGT eta CCOO sindikatuak eta CEN patronala finantzazio publikoa mantentzeko. "Sasi-elkarrizketa soziala diru eskaera horrekin lotuta dago, nahiz eta denak jakinaren gainean egon hilda dagoela", gaineratu du.