Muñoz:Langileek ordaintzen dituzte eskubide murrizketak

2010/01/29
Adolfo Muñoz “Txiki” esan du gaur goizean Gasteizen erretiratzeko adina atzeratzeko Zapateroren asmoak adierazten duela murrizketa latzak datozela. ELAko idazkari nagusia Gasteizko Ariznabarrako zahar-etxeko grebalariei elkartasuna adierazteko burutu den manifestazioan izan da.

 

Hainbat eratan gertatuko da hori: adina atzeratzea, zahar-saria kobratzeko gero eta urte gehiago beharrezko izatea, pentsioa kalkulatzeko urte kopurua handitzea... Guztien xedea, erretiro eskubideak murriztea. Eskuin petoaren politika, alegia.

Bere hitzetan, egoera are larriagoa izango da Espainiako gobernuburuak esan duen bezala Toledoko Itunean negoziatzen bada. Zapaterok berak duela gutxi esan zuen hor bilatuko zuela akordioa PPrekin.

Erabaki honek pribatizazioa dakar berarekin. Helburua argia baita, pentsio publikoen esparrua banketxeek hartzea; hain zuzen egoera honetara eraman gaituzten horiek. Banketxeei milaka milioi euro eman dizkiete dohainik, “bere onera” etor zitezen. Pentsioak murriztuz, Zapatero banka sektore horrentzat ari da lanean.

“Hau ez da diru arazoa. Krisia kudeatzerakoan Espainiako gobernuak ez du botere ekonomikoaren interesik ukitu; aitzitik, indartu egin ditu”, azpimarratu de ELAko idazkari nagusiak.

“Erabakiok ikusita, Espainian egiten dutenari ezinezkoa da “elkarrizketa sozial” deitzea. Helburu hauetan, edozein modutan dela ere, gobernuaren laguntzaile izateak azalpen bakarra dauka: sindikatu horiek aurrekontu publikoetatik finantzatzen dira”.