Muñoz: "Maiatzaren 21eko greba orokorra patronalaren xantaiari aurre egiteko dagoen modu bakarra da"

2009/04/03
Muñoz: "Maiatzaren 21eko greba orokorra patronalaren xantaiari aurre egiteko dagoen modu bakarra da"
ELAko 2.000 delegatu inguru bildu dira Iruñako Labrit pilotalekuan gaur goizean egin den asanbladan. Adolfo Muñoz idazkari nagusiaz eta ELAk Nafarroan duen arduradun Mitxel Lakuntzaz gain, hainbat enpresa-komitetako ordezkariek hartu dute parte. Batzarraren ostean manifestazio batek Labrit eta Sarasate pasealekua lotu ditu.

Muñozek maiatzaren 21erako deitutako greba orokorra defendatu du. "Enpresetan patronalaren aldetik xantaia jasan eta horren aurka borrokan ari diren langileei oxigenoa eman nahi diegu. Gainera, ezin dugu ahaztu, patronalak gobernuen babes osoa du laneko eskubideen aurkako erasoetan".

Muñozek azpimarratu duenez krisia botere ekonomikoen diru-gose amaigabearen ondorio da. "Orain, sistema kolapsatu denean, are eta gehiago lapurtu nahi gaituzte; diru-kutxa publikoak arpilatuz, zergak ordaintzeari uko eginez, negoziazio kolektiboan xantaia eginez, langileei sakrifizio gehiago exijituz…".

ELAko idazkari nagusia greba orokorraz mintzatzeko orduan UGT eta CCOO sindikatuek agertu duten ahuleziaz hitz egin du. "Nafarroan patronalarekin eta foru gobernuarekin Enplegu Plana sinatu berri dute; plan horrek ez dio inolako onurarik ekarriko langileei, soilik diru publikoak utziko dizkie akordioa sinatu dutenei".

Ajuria Enean edonor egongo zelarik ere greba orokorra deituko zela nabarmendu du. "Orain arte egon den gobernu taldea mantenduko balitz ere berdin-berdin deituko genuke grebara. Gobernu erabakietan parte hartu duten alderdi guztiek, bai Gasteizen, bai Iruñean eta bai Madrilen, ados egon dira patronalari eta espekulatzaileei mesedeak egiteko orduan. Bien bitartean, pobreziak gora egin du, zerbitzu publikoak gutxitu eta pribatizatu egin dira, eta zergak laneko errentetan kargatzea helburu izan duten erreformak egin dira".

"Bien bitartean –gaineratu du–, diru-kutxa publikoak husten eta arpilatzen ari dira, bankuei zein enpresei dirua eta diru-laguntzak emanaz, inolako kontrolik gabe ”.

Maiatzaren 21erako deitutako greba orokorra arrakastatsua izango dela ziur dagoela esanaz amaitu du bere hitzaldia Adolfo Muñozek. "Ziur naiz langileen gehiengoak bat egingo duela deialdiarekin, eta greba babestuko dutela. Langileok lanpostuen suntsiketari eta enpresaren xantaiari aurre egin nahi diogu. Langileok politika publikoetan erabateko aldaketa sustatu nahi dugu. Horretarako kalera atera behar gara, kalea irabazi, geurea dena defendatzeko".