Muñoz: "Pentsioen erreforma neurrigabekoa da eta gizarte osoarengan izango du eragina"

Hausnarketa hauek ELAk gaur goizean Bilbon pentsio erreformaren inguruan egindako agerraldi batean luzatu ditu. Muñozekin batera Mikel Noval –arlo sozialeko arduraduna– eta Janire Landaluze –ikerketa bulegoko kidea– izan dira. Muñozen hitzetan pentsio kaskarrak eta lan prekarioak lehenesten dituen filosofiaren ondorio da pentsioen inguruan adosten ari diren neurri guztiak.
Bestalde, aurreko ostiralean ere enpresek hitzarmena ez aplikatzeko derrigorrezko arbitrajea ahalbideratuko duen batzordea osatzeko dekretua onartu zen. Muñozen ustez dekretu hori urrats berri bat da lan erreforman. "Patronalak eskatutako neurria da eta gobernuak ez du arazorik izan onartzeko. Egoera larria da".
Kazetarien galderei erantzunez atzo Urkulluren gobernuak onartutako Enplegu Planaren balorazioa egin du. "Plan honekin ez da enplegu bakar bat gehiago sortuko. Dena propaganda hutsa da. Gauza da aurrekontuetan %10,8eko murrizketa egin duela Urkulluren gobernuak eta horrek enpleguan eta ekonomian eragin txarra izango duela".