Muñoz: "Politika hauek onartzen dituztenekin gu ez goaz ontzi berean"

2012/12/19
Muñoz: "Politika hauek onartzen dituztenekin gu ez goaz ontzi berean"
ELAko idazkari nagusia 2.000 ordezkariren aurrean mintzatu da gaur goizean Iruñeako Labrit pilotalekuan. Muñozek nabarmendu du politika atzerakoiak onartzen dituztenekin ez goazela ontzi berean, eta Gasteiz eta Iruñeko gobernuetako aurrekontuen aldaketa exijitu du. Biltzarraren ostean manifestazioa egin da Nafarroako Parlamentuaren aurreraino.

Muñozen hitzetan politikak porrot egin du eta antzerki bihurtu da. "Sinplekeriak eta topikoak baino ez dira errepikatzen. Arraun egin norekin? Politika neoliberak argudiatzen dituztenekin? Gu ez goaz ontzi berean politika hauek egiten dituztenekin".

Muñozen arabera, Hego Euskal Herriko politikariek ez dute alternatibarik aurkezten, indarrean dagoena onartzen dute, politika neoliberalak modu gordinean ezartzeko orduan ados daude, pobrezia, langabezia eta desberdintasun sozialak areagotuz. "Gakoa ez da gobernuak aldatzea, politikak aldatzea baizik", gaineratu du.

Sinesgarritasuna irabazteko, finantza autonomia eta alderdiekin loturarik ez izatea aldarrikatu du. Era honetan azaldu du banketxeek 220.000 milioi euro jaso dutela, eta dirutza honekin espekulatzen jarraituko dutela. Bien bitartean, murrizketek ez dute etenik eta pobreziak gora egin du. Gezurra badirudi ere, enpresariek ez dute krediturik.

Muñozek mobilizazioan, antolamenduan eta autonomian oinarritutako sindikalismoa aldarrikatu du, eta "enpresetan ez dagoen sindikatu orok Ipar Poloan hozkailu batek baino gutxiago balio duela" azpimarratu du.