Muñoz:"Soldata-jaitsierak onartzeak dakarren ondorioa, soldataren zati bat galtzeaz gain, enplegu gehiago galtzea da”
2012/02/08
ELAko ordezkaritza batek Europako Sindikatuen Konfederazioaren (ESK) “Neguko Eskolan” parte hartu du otsailaren 7an eta 8an Kopenhagen. ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz eta nazioarteko bulegoko arduradun Laura Gonzalez de Txabarri izan dira ordezkaritzako partaideak.
ELAren hitzaldian honako puntu hauek azpimarratu dira:
- ELAren ustez mugimendu sindikalak nahitaez eutsi behar die soldatei, aberastasunaren banaketa zuzenari begira. Datu ofizialen arabera soldatak azken urteotan beheraka joan dira (gure herrialdean 7 puntu baino gehiago), galera hori etekinak ugaltzera joan da. Eta etekin horien jomuga, neurri handi batean, espekulazioa eta kapital-ihesa izan da. Datu hori ezin dugu alde batera utzi negoziazio kolektiboan.
- Patronalak gobernuari (lehen PSOE, orain PP) eskatzen dion guztia lortzen du, eta estrategia jakin bat dauka: soldatak apaltzea. Prekarietatea hedatu eta gizarte-prestazioak murriztu nahi dituzte, zapalkuntza-baldintzak onartarazteko. Negoziazio kolektiboa azpitik zulatu nahi dute, babesa ahultzeko, eta hitzarmenen eragina loteslea ez izateko, hitzarmenetik salbuesteko kasuak automatikoak eta orokorrak izan arte. Kontratu berriei soldata txikiak ezartzeak ordezte-efektu maltzurra dakar, gainera; lanpostu duinen partez sortzen dituzten lanpostuak ziztrinak dira, ez baitaude hitzarmen kolektiboaren eraginpean. Etekinik handiena bilatzen duen patronalari negoziazio kolektiboa eragozgarri iruditzen zaio, aberastasuna banatzeko modua eztabaidagai jartzen baitu.
- ELA uzkur eta mesfidati agertu da beti soldata-jaitsierak dakartzaten akordioak onartzeko orduan, ez baitator bat enpleguaren aldeko neurria delako argudioarekin. Ez da egia. Horrelako akordioak enplegua suntsitzeko lagungarri dira. Horrez gain bidegabeak ere badira. Abian doazen erreformei, aurrekontu-murrizketa gogorrei eta kreditu-ezari soldata-jaitsiera ere gehitzen bazaie, ekonomia erreala motel-motel geratzeaz gain, langabezia ere dezente ugalduko da. Horrelako akordioak eredu ezin txarragoa da nazioarteko sindikalismorako.
- ELAren iritziz Europako Sindikatuen Konfederazioaren esparruan dinamika sindikalak koordinatu behar dira, “soldata-dumpinga” eragozteko.