Muñoz: soldatak murrizteak ez du enplegua bermatzen

2010/02/25
Negoziazio kolektiboa aztergai izan du Nazio Kontseiluak Bilbon. Urteko lehen bileran egoera ekonomikoa eta laboralari buruzko hausnarketa aurkeztu du Adolfo Muñoz "Txiki", idazkari nagusiak.

Adolfo Muñoz "Txiki eta Joseba Villarreal, negoziazio kolektiboko arduradunak aurtengorako ELAk arlo honetan dituen lehentasuanak azaldu dituzte. Soldata-igoerak KPItik nabarmen gorakoak  enplegu egonkorra eta kalitatezkoa, lanaldi-murrizketa eta  prekarietatea eta azpikontratazioren aurkako neurriak jasotzen dira, besteak beste.  

ELAk oso gaizki deritzo CCOOek, UGTk, CEOEk eta CEPYMEk arestian sinatu duten Negoziazio Kolektiboari buruzko akordioari. Betiko akordioak, betiko ondorioak: patronalarentzat segurtasunak eta amore emateak; eta langileentzat prekarietate handiagoa, araugabetzea eta soldaten neurritasuna.  Akordio honen jatorria azken urteotan hitzartu izan diren Negoziazio Kolektiboaren Lanbidearteko Akordioetan bilatu behar da, kate beraren azken maila baita; eta akordio horietatik datoz, hain zuzen, langile-jendearen arazo gehien-gehienak.

Helburua enplegu egonkorra sortzea omen da; baina, hori ziurtatu beharrean, soldaten neurritasuna ziurtatu dute (%1erainoko igoerak), eta bereizte-klausulak erraztu (soldata-erregimena ez aplikatzeko klausulak), eta barne-malgutasunaren mekanismoak indartu. Gainera, garrantzi handiko bestelako gaiak ere hitzartu dituzte: ABLEei (ETT) bidea urratu; gazteentzako prestakuntza-kontratuak sustatu; behin-behineko kontratazioaren partez lanaldi partzialeko kontratua bultzatu; lanaldiaren kudeaketa malgua; eta abar.

Baina oraingo honetan, beste pauso ausartago bat eman dute, eta alderdi sinatzaileek negoziazio kolektiboaren erreforma negoziatzeko konpromisoa hartu dute, zer eta esparruak, alderdiak, edukiak... eta inguruko guztia, alajaina.

Onartezina da, aldi berean, soldatak ez direla krisiaren errudunak esatea, eta soldaten neurritasuna hitzartzea.Esaten denaren aurka, soldatak murrizteak ez du enplegua bermatzen. Akordio berri horrek ez du lortuko aurreko guztiek lortu ez dutena, lortuko dituen gauza bakarrak prekarietate handiagoa eta lan-merkatua araugabetuago egotea izango dira.

ELAk uko egiten dio tinko akordioari, eta jendaurrean salatzen ditu sindikatu sinatzaileak, langileen interesak bazter batera utzi dituztelakoan. Gure aldetik, ahalegin guztiak egingo ditugu akordio horren eraginik Hego Euskal Herrian sartzen ez uzteko. Honako hauek dira gure proposamenak Negoziazio Kolektiboaren inguruan:

·         Soldata-igoerak KPItik nabarmen gorakoak izatea.

·         Ez dugu onartuko neurri atzerakoirik.

·         Enplegu egonkorra eta kalitatezkoa.

·         Aurre egingo diogu prekarietateari: azpikontratazioari, diskriminazioari...

·         Lanaldi-murrizketa, enplegua banatzeko modu hori suspertu.

·         Lana eta familia uztartzen benetan errazten duten neurriak hitzarmenetan sartu.

·         Aukera-berdintasuna ziurtatzen duten klausulak hitzarmenetan jaso.

·         Lan Segurtasuna eta Osasuna Negoziazio Kolektiboaren gaien artean sartu.

Dei egiten diegu ozenki benetako sindikalistei, langile-jendearen eskubideen alde agertzen diren sindikalistei, eskubide eta baldintza hobeak harrapatzen dituzten sindikalistei, gizarte hau aldatzen saiatzen diren sindikalistei, azken batean, langileak bertan behera lagatzen ez dituzten sindikalistei. Herri honetako langileek sindikalgintza errebindikatzailea behar dute, guk hori sinesten dugu. Eta horretan gaude.