Murrizketak Gasteizen eta Iruñean erabakitzen dira
Muñozek nabarmendu duenez “ez da egia murrizketak Madrilen erabakitzen direnik. Inola ere ez. Gasteizen esaten digute 'hau besterik ez dago', eta Iruñean, berriz, 'aldaketa'ren gobernuak azaltzen du 'defizita bete egin behar' dela. Gauza bera esan eta egiten dute. Nafarroako Gobernuak, eskuindar guztiek bezala, langile publikoen negoziazio kolektiborako eskubidea kontrajarri egiten du hezkuntza, osasungintza eta gizarte-eskubideen sustapenarekin. Hau onartezina da. Areago, ezkerraren izenean egiten bada”.
ELAko idazkari nagusiak EAEko eta Nafarroako aurrekontuari eta fiskalitateari buruz sindikatuak egin dituen txostenak ere aipatu ditu, hauetan esaten da bi gobernuek Madrilekin hitzartu dutela lehentasuna ematea defizit muga errespetatzeari (2017rako gehienez %0,3) eta zorraren ordainari (1.171 milioi € EAEn eta 459, Nafarroan). Aldi berean, bi lurraldeetan baztertu egiten dute zergak erreformatzea EBko batez besteko presio fiskalarekiko dugun gabezia gainditzeko (6.000 milioi EAEn eta 1.800, Nafarroan). Nafarroan proposatzen diren aldaketa fiskalak garrantzirik gabekoak dira (44 milioi, aldea 1.800koa delarik). Politika horrekin, propaganda alde batera utzita, politika neoliberalak inposatzen dituen memoranduma aplikatzen ari dira. Grezian bezalaxe.
ZERGA-POLITIKA, EZEZAGUN HANDI HORI
Idazkari nagusiak ELAri Ekonomia Itunaren inguruan Pedro Luis Uriartek egindako kritikak aipatu ditu: “Ez luke gezurrik esan beharko. Bidezkoa da ELArekin ados ez egotea, baina ezin ditu gauzak desitxuratu. Uriartek badaki ELAk inoiz ez duela Ekonomia-Itunaren zein -Hitzarmenaren aurka ezer esan; badaki ere gai honetan gutxienez oinarrizko bi eztabaida daudela: bata, gure arau fiskalak erabakitzeko ahalmenari eta estatuarekiko harreman finantzarioari buruzkoa, eta bestea, euskal erakundeek ahalmen araugile horrekin egiten duten erabileraren ingurukoa”.
Lehenari dagokionez, ELA arau fiskalak erabakitzerakoan autogobernu maila gorenaren alde agertu izan da. Baina ez da isildu Euskal Erakundeen eta Estatuaren artean izan diren akordioak epaitzerakoan; akordio horiek ahalmen araugilea funtsezko gaietan mugatu egiten zuten. Azken akordioa 2014ko urtarrilaren 16an izan zen, Itunaren Batzorde Mistoan. Bilera hartan hiru Aldundiek (orduan EAJ, PP eta EH Bildu agintean zirela) Montoro ministroarekin sinatu zuten 2013 eta 2016 bitartean doikuntza eta egonkortasun politika aplikatuko zutela, defizita eta zorraren ordaina zehaztuaz. Akordio hau gizarte-politikentzat oso txarra izan zen.
Muñozek esan du ELAk eta gizarte-politiketan alternatibak aldarrikatzen dituzten kolektibo sozialek beren frustrazioa adierazteko eskubidea dutela: “Ardura instituzionalak dituen klase politiko guztiak baztertu egin ditu zerga-politikako alternatibak, baina baita egin beharreko pedagogia ere. Adierazgarria da fiskalitateari buruz argitaratzen den iritziak zerga-politikaren joera neoliberala auzitan ez jartzea. Hau EAEn eta Nafarroan gertatzen da. Aldaketa soziala ezinezkoa da egungo zerga-politikari eutsiz gero, eta gai fiskala bigarren planoan kokatzea benetako drama dugu”, ondorioztatu du.
ELAko buruaren ustez, Gipuzkoako Fortuna Handien gaineko Zergari merezi ez zuen lekua eman zitzaion hedabideetan: “Eztabaidaren erdigune izatea nahi zuten benetan diru-bilketari zegokionez ezdeusa zen zerbait. Ez zen, inola ere, arlo fiskalean aldaketa sakona. Gipuzkoako Tea Party-a osatzen dutenek (ADEGI, Merkataritza Ganbara, Gipuzkoa Garaile…) satanizatu egin zuten, hain zuzen aldaketarik nahi ez zutelako; urrats herabe horri eraso zioten hortik aurrera joatea galarazteko. EH Bilduk ontzat eman zuen eztabaida soilik zerga honen inguruan egitea. Ez zen PFEZ, ez Sozietateen Zerga aipatzen.
Orain, EAJren eskutik eta EAEko hiru lurraldeetako fiskalitatea 'harmonizatzeko' aitzakiarekin, EH Bilduk egin zuen aldaketa haren zati bat bertan behera utzi nahi dute; Gipuzkoako Ogasun diputatu berriak dioenez, “fiskalitatea enpresen zerbitzura jartzea” da helburua. ADEGIren arabera, enpresek jasandako jazarpen aldia maitu da. A zer astakeria! A zer manipulazioa!”.
Txikik azaldu du Euskal Erakundeetako arduradun politikoek egundo ez dutela fiskalitateari buruzko eztabaidarik nahi izan. “Debatea eragotzi egin dute, eta topiko eta gezurrez bete. Pedro Luis Uriartek Esperanza Aguirreren fiskalitatea defenditzen zuen Madrilen bere lagunek, aberatsek, ez dutelako Ondarearen gaineko Zergarik ordaintzen. Hedabideetan esaten dena aintzat hartuz gero, hemen zerga-sistema konfiskatorioa litzateke; benetan, ordea, errenta altuak, enpresak eta kapitala sekula baino zerga gutxiago ordaintzen ari dira. Enpresek, batez ere handiek, inoiz ez dute orain baino gutxiago ordaindu, dirulaguntza, bonifikazio eta salbuespenei esker. Hemengo presio fiskala, EAEkoa eta Nafarroakoa, EB mailan azken postuetan dago, eta ezinezkoa egiten du bidezko gizarte-eredu bat. Hau izan beharko litzateke eztabaidagai nagusia, baina ez da hala gertatzen”.
“Herrialdeen artean dagoen lehiarekin, kapitalari eta enpresei zergak zeinek gehiago jaitsi, pikutara doa gizarte-eredu bidezko eta solidarioaren aukera. Badakigu hori dela eskuinaren eredua… Ezkerrarena ere ba ote da? Ez da kasualitatea krisia hobekien gainditu duten herrialdeak presio fiskalik eta gastu publikorik handiena dutenak izatea”.
ELAk salatu du sistema injustu hau mantentzen dela gure ogasunek fiskalitatea darabilten opakotasunari esker: zerga-politika patronalarekin lotutako elite politiko txiki batek erabakitzen du.
ELA oso kezkatuta dago klase politiko ia osoa posizio fiskal antisozialetara lerratu dela ikusita. Hori gertatu da Nafarroan gobernurako Akordio Programatikoarekin eta Erreforma fiskalarekin: Sinatu dituzten lau alderdiek (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta I-E) gai fiskala bigarren planoan kokatu dute. “Lau alderdiok fiskalitatean alternatibak baztertzean, aldaketa sozialaren alde borrokan dihardugun sindikatu eta gizarte-erakundeok parlamentura eztabaida hau eramango duen erreferentzia politikorik gabe utzi gaituzte. Ez gara alderdiez ari, baizik politiketan aldaketa alternatiboak ekarriko dituzten aukerez. ELAren ustez hau drama bat da”.
“Grezian gertatu dena ikusirik, ezker politikoaren trauma eta obsesioa erakundeetan egotea da. Erakundeetan egotearren muga oso estuak onartzen ditu, gizarte-politika egitea ezinezko egiten duten mugak; erakundeetan egotearren onetsi egiten dituzte defizit muga, zorraren ordaina eta behar ditugun aldaketa fiskalak egiteko betoa. Horrela ez dago aldaketa sozialik”.
“Gero eta arrazoi gehiago dugu alderdiekiko eta botere ekonomikoarekiko interpelazio soziala argia eta autonomoa izan dadin. Politikaren edukia izan behar da interpelazio sindikal eta sozialaren oinarria, ez politika hori egiten duen alderdiaren izena”.
Muñozek bere hitzaldia amaitzeko honakoa esan du: “ELAk ekitaldi hau bakarrik egin du, politika, politikako sektore guztiak, erabateko autonomiaz interpelatu behar delako. Eta hori, gaurkoz, LABekin ezinezkoa da”.