Murrizketen aurkako elkarretaratzeak ospitaletan

2016/09/22
Murrizketen aurkako elkarretaratzeak ospitaletan
ELA,SATSE, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok elkarretaratze bat egin dute, murrizketak salatzen jarraitzeko, Osakidetzako lan-baldintzak eta arreta-kalitatea okertu direlakoan. Bide batez, dei egiten diete alderdi politikoei murrizketa horiek guztiak igandeko hauteskundeen ostean kentzeko konpromisoa har dezaten.

Sindikatuen Agiria:

Euskal osasun publikoak mota guztietako murrizketak jasan ditu azken lau urteotan. Osakidetzak 3.000 lanpostu baino gehiago suntsitu ditu, pertsonaleko ordezpenak gutxitu, soldatak izugarri jaitsi, gaixotasuna zigortu... Eta, gainera, itxaron-zerrendak luzatu dira, lan-kargak handitzearen ondorioz arreta-kalitatea gutxitu da, oinarrizko zerbitzuak —larrialdiak, besteak beste— gainezka daude, eta txertoen hornikuntzan eskasiak gertatu dira...

Bidegabekeria horien aurka elkarretaratu gara gaur Gurutzetako, Txagorritxuko eta Donostiako ospitaleetan. Eskatu diogu Osakidetzako Zuzendaritzari joera hori zuzentzeko, eta batez ere, alderdi politikoei eskatu diegu irailaren 25a baino lehen argitzeko, ea murrizketa-politika horrekin amaitzeko asmorik duten, edo osasun pribatuaren mesedetan gure osasun publikoa ahultzen jarraituko duten. Osakidetzako langileek ere merezi dute jakitea zer gertatuko zaien irailaren 25etik aurrera.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok mobilizazio-deia egin dugu, murrizketa horiei aurre egiteko, orain arte egindako murrizketak lehengoratzeko, eta murrizketa bakar bat ere gehiago egiten ez uzteko.