Nafarroak bere etorkizuna erabakitzeko eskubide demokratikoa erabili behar du PPren eraso zentralistari aurre egiteko

2014/09/11
Nafar herritarrek beren iraganaren jakitun izan behar dute, egungoarekin kritiko eta etorkizunaren jabe, jasotako edo ezarritako loturarik gabe eta beren borondate demokratikoa beste mugarik gabe.

Rajoyren gobernuak lege foralen aurka sartu dituen helegiteak eta energiaren zergei buruzko azken epaiak erakusten dute, PPren grina zentralistaz eta UPNren konplizitateaz gainera, Foruaren Hobekuntza zein prekarioa eta mugatua den.

ELAk uste du benetako eztabaida nafar herritarrei beren etorkizuna erabakitzeko zor zaien eskubidea aitortzean datzala; honen moduko oinarrizko printzipio demokratiko baten inguruan bat egiteko jendarteak ez luke zertan arazorik izan, aho batez gainera.

ELAren iritziz, Espainiako gobernuak Nafarroan erabakitako 11 legeren aurka sartutako errekurtsoak berzentralizatzeko estrategia lotsagabe baten baitan datoz; izan ere, horixe guztiz bat baitator PPren nazionalismo espainol eta antisozialaren ideiekin.

Estrategia hau ezartzeko erraztasun politiko eta juridiko guztiak eskura dituzte, Hobekuntza eta autogobernua errekurritu ez ezik transferentziak ez emateko aukera baitu Estatuak, batik bat gai soziolaboralei dagokienez.

Zentralizatzeko asmoz izan diren inposizio anitzak, nafar herritar gehienen borondatearen kontrakoak, amaigabeak dira: eskumenak mozteko oinarri-legeak, lege foralak eten edo indargabetzea, hainbat arlotan (etxegabetzeak, osasungintza unibertsala, langile publikoentzako soldata- eta lan-bermeak, tokiko maparen erreforma, fiskalitatea...).

Horrenbestez, autogobernu nafarraren ahalmen urri eta murriztua “Estatuarekiko itun” bailitzan aurkezteak ez dauka errealitatearekin zerikusirik. Agerikoa da estatuarekiko aldebikotasun hori fikzio bat dela, Nafarroan dauden espainiar esparruko alderdiek behar dutena Nafarroa egungo marko konstituzionalean nola egokitzen den azaltzeko.

Gogoratu beharra dago Hobekuntzaren negoziazioaren oinarrian bertoko eta Estatuko eliteen interesak zeudela, hain zuzen herritarren parte hartzea saihesteko. ELAk uste du XXI mendean foraltasunaren printzipioa printzipio demokratikoaren aurretik jartzea onartu ezineko tranpa izan zela, eta hala dela gaur ere.

Azkenik, ELAk uste du herritar nafarrek beren iraganaren jakitun izan behar dutela, egungoarekin kritiko eta etorkizunaren jabe, jasotako edo ezarritako loturarik gabe eta beren borondate demokratikoa beste mugarik gabe.