Nafarroako administrazioko langileek sindikalismo erreibindikatiboari

2011/05/19
ELAk Nafarroako Gobernuaren hauteskunde sindikaletan ordezkaritza handitzea lortu du. Zehazki, 2007an baino 312 boto gehiago, eta horrek 3 ordezkari gehiago eman dizkio (39, duela lau urteko 36en aldean)

Halaber, nabarmentzekoa da ELAren ordezkari kopurua Administrazioko sail nagusietan hazi dela (Osasunbidea, Hezkuntza, Nukleoa, Nafarroako Mendekotasun Agentzia, Foruzaingoa eta Enplegu Zerbitzua), eta ordezkaritza lortu duela 2007an ez zeukan esparruetan (Justizia eta Ogasuna).

Emaitza hauekin ELAk administrazioko langileen artean izan duen etengabeko hazkundeari eusten dio, eta historian izan duen ordezkaritza mailarik altuena iritsi du.

ELAren iritziz atzoko hauteskundeen emaitzek agerian uzten dute enplegatu publikoek sindikalismo erreibindikatiboaren aldeko apustua egin dutela, hots, zerbitzu publikoak eta langileen baldintzak defenditzeko prest dauden sindikatuak babestu dituztela; izan ere, ELArentzat bi aldeok banaezinak baitira.

Horregatik, zerbitzu publikoak erasopean dauden garaiotan eta enplegatu publikoen lan-baldintzak gero eta eskasagoak direnean, sindikatu erreibindikatiboak izan gara haztea lortu dugun bakarrak; aldiz, Gobernuaren politikaren bidelagun diren beste sindikatuek –hor ditugu Moderna plana edota Mahai Orokorreko azken hitzarmena– boto galera handia jasan dute.

Horregatik, ELAk are arrazoi gehiago dauka azken urteetako ildoari jarraitzeko, eta langileei hitz ematen die Gobernuak ezarri nahi izango dituen pribatizazio eta murrizketak geldiarazteko lanari eutsiko diola.

Borroka horretan, ELAk uste du langileek Nafarroako Gobernuari mezu argia eman diotela: sindikalismo koherentea hautatu dute, mobilizatzeko prest dagoena eta Gobernuari amore ematen ez diona.

Hori dela eta, hauteskundeetako emaitzak eta langileengandik jasotako babesa oinarri sendoa dira aurrerantzean ekintza sindikal eragingarri bat egiteko.

Azkenik, ELAk aitortu nahi du langileen babesa gero eta handiagoa izan dadin lan egiten duten militante guztien ahalegina eta inplikazioa.