Nafarroako Amma-ren Zuzendaritzak sei langile kaleratu ditu

Hori dela-eta, langileek (33 batzordekideetatik 21 ELAkoak) biltzar/elkarretaratze bat egin zuten atzo Nafarroako Kutxaren egoitza nagusiaren aitzinean (Carlos III etorbidea, Iruña), kutxa hori Amma-ren akziodunik handiena baita. Horrez gain, greba eginen da ekaineko azken asteko zenbait egunetan.
Langileak kaleratzeari dagokionez, Ammako Giza Baliabideen zuzendari berriak, Ignacio Delpon-ek, errana zuen enpresaren kontuak berraztertzen ari zela; eta, hara non, burura etorri zaion lehen ideia kaleratze objektiboena izan da, PP eta UPNren lan-erreformaren asmazio berri hori.
Negoziazio-mahaian, aitzitik, Ammak bake soziala eta egoeraren gogortasuna ulertzeko eskatzen du zinismo osoaz. Horrela arautzen ditu gauzak Ammaren zuzendaritza berriak, kontuak eta zenbakiak koadratzen ez badira, plantillaren kontura koadratzen dituzte.
Bertze alde batetik, SARquavitaek Amma erosiko duela eman da argitara. Zer erran dezakegu guk? Zuzendari jaunek gardentasun eskasa dutela langileekiko eta erabiltzaileekiko.
Argi dago, orobat, diru erraza nahi dutela beren negoziorako, eta ez zaiela axola handirik pertsonekin eta pertsonendako lan egiten dutela.
Eta, noski, Amman inbertitu den diru publikoaren gaineko kontrola ez da batere zorrotza izan, ez baita begiratu non, nola eta zertarako izan den. Ez Nafarroako Kutxak, ez Nafarroako Gobernuak ez dute ardurarik hartu Ammari azalpenak eskatzeko. Amma bere kasa ibiltzen utzi dute, “gauzak arautzen egoki uste izan duten moduan".