Nafarroako aurrekontuen proiektuak ez du jasotzen greban planteatutako aldarrikapenetako bat bera ere
Maria Chivite Nafarroako presidentearekin izandako bileraren ondoren ELAko idazkari nagusiak adierazi duenez, Nafarroako aurrekontuen proiektuak ez du aukerarik ematen urtarrilaren 30eko greba orokorraren harira jasotako aldarrikapenetan aurrera egiteko. "Aurrekontu hauekin pentsioen osagarrian ez da 1.080 eurora helduko eta gutxieneko soldata ere ez da 1.200 eurotara iritsiko. Era berean, Nafarroako Gobernuan dagoen prekarietatearekin amaitzeko neurriak ez dira ezartzen", nabarmendu du.
Lakuntzak mobilizazio soziala aldarrikatu du aldaketa sozial eta laboralen motor gisa, eta urtarrilaren hogeita hamarreko greban planteatutako aldarrikapenak ez direla ahuntzaren gauerdiko eztula izango eta kalean eta eztabaida publikoan presentzia handiagoa izango dutela aurreratu du. "Pentsioek, etxebizitzak, soldata arrakalak edo prekarietateak kalean egoten jarraituko dute. Argi dago kalea dela langileen lan eta gizarte baldintzetan hobekuntzak aldarrikatzen jarraitzeko uzten zaigun bide bakarra, joan den ostegunean agerian geratu zen bezala ".