Nafarroako Auzitegi Nagusiak NUPek langileen eskubideak historikoki urratu dituela dio, ELAri arrazoia emanez

2013/11/08
NUPeko zuzendaritzak ordezkaritza sindikala ez du aitortu, eta horretaz baliatu da soldatak murrizteko eta lan baldintzak okertzeko.

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoa Askatasun Sindikalaren Lege Organikoa eta Langileen Estatutuaren kontra aritu da azken urteotan irakasleen ordezkaritzari dagokionez. Horrelaxe berretsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiko Sozialeko Aretoak, ELA sindikatuak jarritako helegite baten ondorioz.

Langileen Estatutuak eta baita Askatasun Sindikalaren Lege Organikoak ere hilean hainbat ordu finkatzen dituzte, langileen ordezkarientzako. 500 langiletik gorako enpresetan (NUPen irakasleen kasuan, alegia) 35 ordu ditu langileen ordezkari bakoitzak hilero bere lanak egiteko. Julio Lafuentek zuzendutako Nafarroako Unibertsitate Publikoak, ordea, sistematikoki urratu die bere langileei eskubide hau.

Langileak ordezkaritzarik gabe utzi eta Julio Lafuentek zuzendutako taldeak hurrengo hauek egin ditu azken urteotan, besteak beste: 2010 urteko soldata murrizketa; lau urtetako izoztea: 2012ko abenduko aparteko sariaren lapurreta; lan hitzarmenaren ez betetze sistematikoa (kontratudun doktore eta laguntzaile doktoreen soldata osagarriak ez baitira inoiz ordaindu); hainbat irakasle elkarturen % 14ko soldata jaitsiera eta gaixotzen diren irakasleentzako zigorra.

ELAk irabazitako sententziak argi utzi die NUPeko ordezkariei lege guztiak direla bete beharrekoak eta ez soilik Barcinak edo Raxoyk langileen eskubideen kalterako onartzen dituztenak.

Horregatik guztiarengatik ELA sindikatuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore den Julio Lafuenteri exijitzen dio lehen bai lehen sententzia bete dezala eta bere talde barruan egoera honen errudun izan diren guztiei ardurak eska diezazkiela.