Nafarroako Auzitegiak enplegu publikoko merezimenduen Foru Dekretua partzialki baliogabetu du atzerriko hizkuntzak euskararen gainetik puntuatzeko aukera emateagatik

Nafarroako Auzitegi Nagusiak baliogabetzat jo ditu Nafarroako Administrazio Publikoetan lanpostuak eskuratu eta betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen dituen 97/2024 Foru Dekretuaren bi artikulu, euskararen balorazioari muga jartzen ziotelako, ingeles, frantses eta alemanaren balorazioari inolako mugarik jartzen ez zitzaien bitartean.
Zehazki, inpugnatutako Dekretuaren 4.1 eta 4.2 artikuluak dira Auzitegiak baliogabetu dituenak, Osasunbideko oposizio-lehiaketa eta lekualdatze-lehiaketen merezimenduak arautzen zituztenak. Artikulu batean zein bestean, euskara jakiteagatik aitortzen zen balorazioari muga batzuk jartzen zitzaizkion. Aldiz, atzerriko hiru hizkuntzen balorazioa mugagabea zen artikulu horietan.Hau da, ingelesa, frantsesa eta alemana euskararen gainetik puntuatzeko aukera ematen zuen Dekretuak, baita euskara ofiziala den eremuetan ere.
ELA eta STEILAS sindikatuek hainbat arrazoiengatik egin dute dekretuaren aurka, besteak beste, eremu ez-euskaldunean euskara merezimendu gisa desagertzen delako, baina ingelesa, frantsesa eta alemana kontutan har daitezke. Beste alde batetik, zerbitzu zentralen kontzeptua kentzen delako, hots, Nafarroa guztiari zerbitzua ematen diotenak, nonahi daudela ere. Baita ere, eremu mistoko edozein lanpostutarako euskararen gutxieneko balorazioa desagertu delako. Horretaz gain, departamentu bakoitzak tarte zabala izanen du interpretazio murriztaileak egiteko. Gainera, aurreko zirriborro batetik, ezabatu da balorazio orokorra Osasunbideko osasun lanpostuetarako, eremu mistoan, eta azkenik nabarmen jaitsi delako udalen autonomia euskara baloratzeko.
Nafarroako Auzitegi Nagusiaren sententziak erakusten du merezimenduen Foru Dekretua guztiz murriztailea dela eta euskera gutxiesten duela. ELAk eta STEILASek hizkuntz politika aldatzeko exijitzen diote Nafarroako Gobernuari, eta salatzen dute PSNk euskararen aurkako jarrera inposatzen duela nahiz eta 11 parlamentari besterik ez izan. Horregatik, ELAk eta STEILASek, Gobernuko kide diren Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeei, eta Gobernua babesten duen EH Bilduri eskatzen diete bestelako hizkuntz politika baten alde egiteko, euskara Nafarroa osoan eta lanpostu guztietan, gutxienez, merezimendutzat hartzeko.
Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Parlamentuak eskatu dute euskara hizkuntza ofiziala izatea Europar Batasunean. Hortaz, ez da ulertzen euskararen lurraldean, Nafarroan, euskarari hainbeste traba paratzea eta euskaldunen hizkuntza eskubideak etengabe urratzea. 1986ko Euskararen Legea gainditu behar da nahitaez, eskubide urraketari babes juridikoa ematen dion araudia delako. Eta euskarak ofiziala izan behar du Nafarroa guztian, inongo apartheidik gabe. Hau dela eta, ELAk eta STEILASek Nafarroako Gobernuari euskara errespetatzen duen Dekretu berri bat onartzea exijitzen diote.