Nafarroako banku publikoaren txostena desorekatua izanen da, Gobernuak deitu duen lehiaketaren erruz
ELAk uste du Nafarroako banketxe publikoaren sorrera oso berri ona izan daitekeela, baina Nafarroako Gobernuak erakunde horren bideragarritasuna eta ezaugarrien txostena esleitzeko baldintzak lausotzen ditu erabat.
ELA sindikatuak banketxe publikoaren aldekoa da, batez ere hemengo ekonomia bultzatzeko eta nafar guztion aldeko zerbitzu finantziero bezala (gaur egun, banketxe handien interes berekoien pean gaudelako). Horregatik, sindikatua ez dator bat Nafarroako Gobernuak ezagutzera eman dituen hainbat proposamenekin.
Lehenik eta behin, lehiaketaren epea hilabete batekoa baino gutxiagokoa da (eta gainera, abuztuan). Bestalde, “enpresa nafarren behar kreditizioa dinamizatzeko” erakunde finantziero baten bideragarritasuna aztertzeko agindua ematen da, eta bakarrik bigarren planoan, “familia eta esparru publikoaren” beharrak. Gutxienez, hiru arlo horientzako lehentasun berarekin aztertu beharko litzatekela uste du ELAk.
Gainera, lehiaketan parte hartu ahal izateko muga zorrotzek (besteak beste, gobernu baten aholkularitza egin izana; edo erakunde finantzieroen sorreran edo integrazioan parte hartu izana) esleipenaren irabazleak seinalatzen ditu: auditoria-enpresa handiak edo kapital handientzako lan egiten duten kontsultorak. Nafarroako banketxe publikoa diseinatuko duten konpainiak horiexek baldin badira, zer nolako erakundea proposatu behar dute?
Hala ere, larriena da Nafarroako ekonomiaren diagnostikoa egin behar dela, eta horretarako CEN (patronal honek ez du inoiz bere ordezkaritza frogatu), Merkataritza Ganbara, Elkargi eta Sonagar-en (denak patronalari lotuak) iritziak jasotzea derrigorrezkoa da. Hauek al dira Nafarroako ekonomia ezagutzen duten bakarrak?
Halabeharrez, txostena erabat desorekatua izanen da, Nafarroako Gobernuak ez duelako aintzat hartuko beste inoren ikuspegia. Ez banka etikoan edo elkartasun-ekonomia diharduten erakundeak ezta langile klasearen defentsan jarduten dugun eragiloen iritzirik ere, hauek izanik banketxe publikoaren eza gehien sufritu dutenak.