Nafarroako Bortziriak eskualdean lanuzterako deialdi sindikal eta zabala landu beharra dago

2010/04/15
ELA ez dator Etxalar, Bera eta Arantzako alkateen deialdiarekin, sindikalismotik at etorritako ekimen bat baita.

Duela urte eta erditik hona ELAk bere kezka agertu izan du Nafarroako hainbat eskualdetan gertatzen ari den industriaren eta enpleguaren gainbehera ikusirik. Baztan-Bidasoa  dugu eskualde horietako bat.  

Nafarroako Gobernuaren utzikeria eta ezer ez egiteko jarrera salatu dugu, eta hori salatzeko mobilizazioak egin ditugu. 2009ko maiatzaren 21eko greba orokorra eta beste agerraldi batzuk ere antolatu ditugu.  

Egoera hori izanik, ELAren ustez sindikalismoaren lehentasuna langile-klasea antolatu eta mobilizatzea da, gero gizartean indarrak bat egin eta Gobernuaren politika aldarazten saiatzeko, kalitatezko enplegua eta industrializazioa bere helburuen erdigunean jar ditzan.  

Ekarpen hori egiteko beharrezkoa da enpresetan bertan benetako lankidetzazko oinarri bat izatea. Eta hau, zoritxarrez, gaur ez da gertatzen.  

Baztan-Bidasoako sindikatuen arteko gatazkak zirela-eta ELAk nabarmendu zuen zilegizko kritika egin daitekeela, baina berebiziko garrantzia duela ere  gutxieneko joko-arau batzuk errespetatzea, lankidetza sindikal hori sendoagoa izan dadin. Elkarlanerako arauez ari gara.

 

Azkenik, deialdi honen aurrean, ELA ez dator bat sindikatuetatik at sortu eta lan-mundura zuzendutako ekimenekin. Gure ustez, honelako ingerentziek sindikatuen arteko lankidetzarako zinezko aukerak eragozten dituzte.