Nafarroako CEN patronalaren, UGT eta CCOO sindikatuen erreskate ekonomikoa bideratu nahi du Barcinak
Mitxel Lakuntza, Nafarroako arduraduna eta Iñaki Zabaleta, ikerketa bulegoko kideak aurkeztu dute gaur goizean ELAren balorazioa Iruñean.
ELAk ez du langileriari egiten zaion iruzur horretan parte hartu nahi, eta ez du horren inongo beharrik. Arazoa ez da zenbait sindikaturen bazterketa. Ezberdintasuna ELAren eredu sindikalaren (afiliazioan eta finantziazio propioan oinarritzen dena) eta UGTren eta CCOOen ereduaren artean dago (uneko Gobernuak ematen dizkien subentzioen menpe daudela). Langileen interesak modu zintzoan defendatu nahi dituen edozein sindikatuk autonomia politikoan eta ekonomikoan oinarritu beharra du, zailtasunak zailtasun, gardentasunez jokatuz. Horregatik ELAk partidu politiko guztiei dei egiten die Lege proposamen honen aurka bozkatu dezaten.
Nafarroako egungo testuingurua aldaketa sozial eta politikoaren aldekoa da gero eta gehiago, eta akordio mota hauek izan ditugun gobernuei babesa eman dieten erakunde sindikalak eta patronalak blindatu nahi dituzte. Zentzu honetan, egungo erregimenaren egiturak desegitearekin batera behar beharrezkoa da elkarrizketa sozialaren finantzaketarekin bukatzeko konpromiso irmoa, bai finantzaketa modu zuzenekin (diru-laguntzak) eta baita zeharkakoekin (enplegu politiken kudeaketa, lanbide-heziketa, lan osasuna, eta abar).