Nafarroako gehiengo sindikalak N-240an lan istripuan hildako garraiolariaren heriotza salatu du

2020/04/24
ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, CGT eta HIRU sindikatuek, apirilaren 23an, Yesako urtegitik gertu dagoen N-240 errepidean lan istripuan hildako garraiolariaren heriotza salatu dute eta elkartasuna adierazi diete hildakoaren familia eta ingurukoei. Halaber, Nafarroako Gobernuari neurriak hartzeko eta duintasuna emateko eskatu diote, garraioaren kasuan bezala, euren eskubideak behin eta berriz zapaltzen ikusi dituzten sektoreek.

Beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Baina ez hori bakarrik, bizi dugun alarma egoeran baldintza hoiek prekarietatea areagotzen dute. Azpimaragarria da Nafarroako garraio sektorea osatzen duten garraiolari asko autonomoak direla, eta horrek kateko azken muturrean bilakatzen ditu. Gaur egun eta urteetan zehar administrazioen utzikeriak eragindako egoera dela eta, gidari nahiz garraiolarien lan baldintzak ez dira hobetu.

Garraiolarien lan istripuak ez dira maiz estatistika ofizialetan kontutan edukitzen. Batzuetan, errepide istriputzak jotzen dira, zenbakiak apaintzeko. Besteetan, “heriotz natural” delakoen zifren barruan sartzen ere saiatu ohi dira, estres egoerak, besteak beste, alde batera nahita utzita.

Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, ez dute benetako egoeraren arduradun egin nahi baina argi geratzen da, behin eta berriz, ekonomia, produkzioa, langileon osasunaren gainetik jartzen dituztela. Benetan eraikuntza lehen beharra da momentu hauetan? Langile hoiek guztiak ez lirateke etxean egon behar beraien bizitza arriskutik urruntzeko? Argi daukagu errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desregulazio basatia agerian daudela eta gaur bizi dugun egoerak onartu ezinezko egoera hori areagotu besterik ez duela egin.

Era berean, datorren apirilaren 28an Laneko Segurtasuna eta Osasunaren nazioarteko eguna dela kontutan izanik, gure lan osasunaren aurkako praktikak salatzeko mobilizatuko gara, las osasuna bermatu eta bizitza defendatzea ezinbestekoa baita.