Nafarroako Gobernuak 22,7 milioi euro murriztuko ditu erreforma fiskal eskasagatik

2016/06/03
Ezagutzen ditugu zein diren murrizketen ondorioak: langabezia, pobrezia eta desberdintasun soziala. ELAk aldaketa fiskalaren beharra berresten du, diru-bilketa handitzeko langileontzat justua den modu batean, langileak baikara zama fiskala daramagunak, eta iruzurraren aurka borroka eginez.

Nafarroako Gobernuak fiskalitatea aldatzeari uko egin zion eta, ELAk ohartarazi bezala, Nafarroako behar sozialei aurre egiteko guztiz eskasa zen erreforma fiskala onartu. 1.800 milioi euroko aldea dago Nafarroa eta Europar Batasuneko bataz besteko presio fiskalaren artean, eta onartutako erreformak 44 milioi euro gehiago biltzea suposatzen du 2016an. Bistakoa da Nafarroako fiskalitateak diru gutxiegi biltzen duela.

Beste alde batetik, guztiz gaitzesgarria da Gobernuak zorraren ordainketa (aurretik ikuskatu ere egin gabe), edo Artzapezpikutzarekin sinatu berri den katedrala berritzeko 1,25 milioi euroko hitzarmena lehenestea beste gastuen aurretik. Hau guztia murrizketak osasunean (instalazioak hobetzean edo garun-paralisia duten haurrei diru laguntzetan besteak beste), hezkuntzan (eskolak eraiki edo handitzean) eta etxebizitza sozialean eginez, besteen artean.