Nafarroako gobernuak bere egin du hizkuntza kolonialismoa

Nahiz eta ikerketa hau baliagarria, zientifikoa eta errepresentatiboa ez izan, parte hartu duten guztiak (zuzendariak, irakasleak, gurasoak, departamentuko teknikoak eta ikuskariak) bat datoz hainbat gabezi azpimarratzean:
-
Ikastetxe bakoitzak programa bere baliabide eta irizpideekin garatu du, Departamentuak ez baitu ildo garbirik ezarri. Ingelesez irakatsiak izan diren arloen aukeraketa zentruetako irakasleriaren arabera egin da. Orokorrean 11 ordu ematen dira ingelesez astean zehar eta ikasleak lehen hezkuntzako seigarren mailara A2 mailarekin heltzen omen dira (elebidunak izatetik oso urrun edozein kasutan). Leku batzuetan ikasgai tronkalak ingelesez ematen dira; beste batzuetan arloko oinarrizko edukiak gaztelaniaz edo euskaraz lantzen dira eta gero hauen gainean ingelesa gaineratu; arloak urtez-urte aldatzen dira; arazoak dituzten ikasleei oinarrizkoa edukiak gaztelaniaz ebaluatzen zaizkie...
-
Ikastetxeen %60ean ez dago proiektu linguistikorik, honek PAI inkonstituzional bihurtzen du, zentroen partehartze eta autonomia eskubideak hausten dituelako.
-
Esperimentazio programa bezala definitu zen, baina ez da egon ez talde esperimentalik ezta kontrol talderik ere. Ez eta ebaluaziorik ez hasieran, ezta bitartean ere.
-
Gurasoen pertzepzioa irakasleriarena baino positiboagoa da. Kontraesan handia. Irakasleek zuzenean ikusten dute zein den ikasleek edukietan duten benetako maila. Gurasoei ordea, ez zaie oraindik emaitzen ebaluaketa sakonik erakutsi.
Zuzendariek adierazten dute kasuen %57ean soilik eskaera ikastetxetik bertatik zetorrela; formakuntza, informazioa eta materialak ez direla nahikoak izan, eta arazorik handiena aniztasunari erantzutea izan dela.
Gurasoek behin eta berriz aipatzen dituzten kexak hauek dira: edukiak sakrifikatuko direla ingelesaren alde; ez dutela PAI gabeko ikastetxerik aukeratzeko aukerarik izan eta kezkatuta daudela umeak eduki mailan atzean gelditu daitezkelako.
Ikuskariek adierazten dute inork ez dakiela zer eskatu daitekeen lehen hezkuntzako 6. mailan, ezta zein konpetentzia linguistiko maila.
Bereziki gogorrak dira Departamenduko hizkuntza teknikari taldeak emandako iritziak. Hau adierazten dute besteak beste:
-
PAI programaren ezarpenean ahulkeria handiak egon dira eta ezarpen hau afinitate politikoengatik egin da kasu askotan.
-
PAI udaletxeek eskatuta ezarri da.
-
PAI zabaltzerakoan arazoak sortu dira.
-
Elebitasun hitza modu desegokian erabili da. Neska-mutilak trebeagoak izan ahal dira ingelesean, baina hori da guztia.
-
Ez dago Haur Hezkuntzako behar adina irakaslerik
Datu hauek guztiak eduki arren, Hezkuntza Departamentuak PAIk deberdintasun sozialak murrizten dituela dio. Era berean, ingelesa beste ikasgaiak lantzeko tresna bezala erabiltzea modurik onena dela hizkuntzan hobetzeko. Kontraesan handia desberdintasunak gutxitzen dituela esatean dator. Izan ere, PAI zentroez inguratutako gaztelaniazko zentroetan arazodun ikasleak kontzentratzen ari direla modu kezkagarri batean, ghetoak sortzeko arriskuarekin.
Mendoza Kontseilaria UPNko kargu ohiez inguratu da: Ikuskaritzako Zerbitzu Zuzendaria, zeinaren esku dagoen ikastetxe guztien funtzionamendua bai eta Ebaluazio Atala, Zuzendari Orokor izendatu zuen. Eta oraindik ere Giza Baliabide Zerbitzuko Zuzendaria da zera egin zuena: programa hauetan beharrezko titulazio edo hizkuntza mailarik ez zuten irakasleei klasea emateko aukera legala ireki araua moldatuz. Ez da harritzekoa beraz, programa honetan ingeleseko edo haur hezkuntzako titulaziorik gabeko zenbait irakasle lanean ari direlako kexak jasotzen dituztenean hau erantzutea Departamentuak: “hobeki informatu behar zaio jendeari erabaki batzuk hartzeko edo titulazio aldaketak egiteko egon diren arrazoien inguruan”.
Zein asmo dago horrelako pertzepzio ikerketa (ebaluazio akademiko kontrastatuaren aurretik) baten atzean? Horrelako lagin eskasa eta erregimenaren aldeko zuzendariek baldintzatuta egonik? Ez zaigu beste arrazoirik bururatzen aberrazio pedagogiko hau irenstea ez bada. Kosta ala kosta atzerriko hizkuntza baten kolonialismoari ateak irekitzea, ukitu batzuk emanez itxura emateko. Azken batean, PAIren konponketa eta bere ezarpen egokiaren domina jartzea. Nola arraio da posible egun batetik bestera PAIzale amorratu bihurtu izana, lehen oposizioan zeudenean sutsuki kritikatzen zutenean? Nor hartuko ditu bere gain programa hau gure seme-alabengan sortzen ari den eta sortuko dituen kalte akademiko, ekonomiko eta pertsonalak?
Aurreko gobernuetan erregimenaren politikak aurrera eraman zituzten goi karguak mantendu ditu eta batzuetan saritu. Ikuskarien zerbitzu zuzendaria, zuzendari orokorra dugu gaur; giza baliabide zerbitzuko zuzendariak kargua mantendu du eta bere azpiko zeuden atal buru bat oraintxe zerbitzu zuzendari dugu; beste atal burui bat idazkari orokor tekniko.
-
2016ko EPEa: maisu/maistrentzako 120 euskarazko plaza ezabatu dira.
-
Zerrenda bakarra: aplikatu gabeko printzipio demokratikoa, nahiz eta mahai sektorialaren gehiegoaren babesa eduki (LAB, Steilas, ELA). Gainera, Afapnak EPEaren kontra (Departamentuak aukera eman duelako espezialitate berean euskarazko zein gaztelaniazko plazetara aurkezteko) jarritako errekurtso baten sententziak baieztatzen du: “...plus bat dela, bi hizkuntzak ezagutzea”.
-
D ereduaren zabalkuntza: eskaintza zonalde ez euskaldunera zabaltzen da baina oso modu desegokian kudeatuz; promoziorik gabe, gurasoei bermerik eman gabe eta matrikula berri hauen informazioa eta kudeaketa zentroen zuzendarien esku utziaz (D ereduaren aurkakoak).
-
276/2007 Dekretua: Zapaterok ezarritako dekretu hau aldatzea eskatu du. Dekretu honen arabera ez da legezkoa ingeleseko titulazioa exigitzea funtzionaria izateko irakasle kidegoan, beti ere hizkuntza berezitasun horretarako ez bada.
Proposamenak aipatzen hasi aurretik oinarri-oinarrizkoak eta ezinbestekoakdiren 2 printzipio nabarmendu nahi ditu ELAk:
- Batetik: Berreskuratu egin behar dira derrigorrezko hezkuntzako oinarrizko eduki kurrikularrak.
- Bestetik: Berreskuratu egin behar da ekitatea. Ikasle bat bera ere ez dadila akademikoki baztertua edo atzeratua gelditu inselesez ikastera behartzen dutelako.
Hau oinarri hartuta, has gaitezen proposamenekin:
-
Atzerriko hizkuntzen kalitatezko ikaskuntza bermatzea: adostutako eran, une egokian eta modu eraginkorrenean, aditu eta irakasleen proposamenak aintzat hartuz.
-
Bertako hizkuntzetan oinarri sendo bat berreskuratzea, honek atzerriko hizkuntzak hobe ikasteko aukera emango luke aurrerantzean.
Hau guztia lortzekoa:
-
Atzerriko herrialdeetako zentroekin benetako ikasleen arteko trukeak bultzatu beharko lirateke.
-
Opor garaietan hizkuntz kanpaldiak finantziatu.
-
IKTen bidez ikasleen artean tandem monitorizatuak praktikan jarri.
-
Atzerriko hizkuntzetan egindako filme eta telesailak ez bikoiztu, jatorrizko bertsioan azpititulatuta (gure hizkuntzan eta atzerriko hizkuntzan) eman daitezen.
-
Hizkuntzaren ezagutza eta konpetentzia komunikatiboa elkarrizketaren bidez landu, ez gramatikarekin. Hizkuntzak praktikatuz eta komunikatuz ikasten dira berez..
-
Zentroko Proiektu Linguistikoak sortu (beharren ebaluazio eta antzematea, hizkuntza heziketa jarduera zehatzak eta azkenik emaitzen balorazioa berriz hasteko hobekuntzaren zikloarekin.
Gobernuaren burugogorkeria ikusita, ELAk hurrengoa ekarri nahi du burura: 2014ko ekainean helegite administratiboa jarri zuela PAIren kontra eta sententziaren zain gaudela.