Nafarroako Gobernuak Conasako lan baldintzak okertu nahi ditu azpikontratazioa merkeagoa atera dakion

2022/10/24
Administrazioaren euskarri informatikorako azpikontratatutako Conasako langileak grebara joango dira ELAk deituta urriaren 25etik 28ra, hitzarmen kolektibo okerragoa aplika diezaieten Nafarroako Gobernuaren esku sartzearen aurrean euren lan baldintzak defendatzeko.

Conasak ekipo informatikoak saltzen eta mantentzen ditu, eta Nafarroako Gobernuak Administrazioaren euskarri informatikorako azken hamarkadetan azpikontratatutako enpresa da. 170 langile inguru ditu (ELAko 6 ordezari, UGTko 2 eta CCOOeko 1), eta horietatik 53 aritzen dira lan horrentan. Aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboa Nafarroako metalaren merkataritzakoa da.

2021eko urriko epai batean, Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion ELAri, eta legez kanpokotzat jo zuen 2019an Conasak 5 langile azpikontratatu izana Nafarroako Gobernuaren euskarri informatikorako, 5 pertsona horiei metalaren merkataritzakoa baino hitzarmen kolektibo txikiagoa aplikatzen zitzaielako (urtean 6.000 eta 9.000 euro artean gutxiago irabazten zuten).

2021ean, Administrazioaren euskarri informatikoko zerbitzua lehiaketara atera zen berriro, eta Conasak irabazi zuen berriro. Hala ere, Conasak uko egin dio kontratu horri, ekonomikoki errentagarria ez dela argudiatuta.

Egoera horren aurrean, Nafarroako Gobernuak hartu duen erabakia izan da zerbitzua berriz lehiaketara ateratzea, pleguan Conasak lan baldintza okerragoak dituen estatu mailako hitzarmen kolektibo bat aplikatu beharko lukeela adieraziz. Hau da, Gobernuak Conasako langileen lan baldintzak okertu nahi ditu azpikontratazioa merkeagoa atera dakion. Gogoratu behar da Auzitegi Nagusiak ere argi utzi duela zerbitzu honetan aplikatzeko hitzarmena Nafarroako metalaren merkataritzarena dela. Onartezina da Nafarroako Gobernuak bere azpikontratetako langileen baldintzetan esku hartzea horiek okertzeko denean soilik, estatu mailako hitzarmen bat aplikatzea iradokiz, eta honek ekarriko lukeen soldata eskala bikoitza.

Egoera horren aurrean, ELAk greba deitu du urriaren 25etik 28ra Conasan, bertako lan baldintzak errespeta daitezen eta azpikontratazioaren prekarietatearen aurka borrokatzeko. ELAk onartezintzat jo du Nafarroako Gobernuaren jarduna, eta lizitazio hori bertan behera uzteko eta berriro planteatzeko eskatzen dio, Administrazioak azpikontratatutako langileei lan-baldintzak okertzeko hitzarmen okerragoa aplikatzeko inolako baldintzarik jarri gabe.