osasunbidea
Nafarroako Gobernuak enpresa publiko batetan bihurtu nahi du Osasunbidea

Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektua Nafarroako Gobernuak 2023-2027 legegintzaldirako egindako akordio programatikoan jasotakoa konpromisoaren ondorioa da. Akordio hori, PSNk, Geroa Baik eta Contigo Zurekinek sinatu zuten, eta "2024ko abendua baino lehen Osasunari buruzko Foru Lege Proiektua aurkezteko" konpromisoa jasotzen du.
Sortu zenetik, Osasunbidea izaera administratiboko erakunde autonomoa da, nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa dituena. Hau da, zuzenbide publikoa aplikatzen zaion zerbitzu publikoa da, eta langileak funtzionarioak dira.
Nafarroako Gobernuak egindako lege zirriborroak Lehen Xedapen Gehigarrian jasotzen du urtebeteko epean sortuko direla Osasunbideko eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (NOPLOI) enpresa entitate publikoak, egungo izaera juridikoa aldatuta. Honek suposatzen du Osasunbidean eta NOPLOIn Foru Legea onartu eta gero sartutako langileak ez direla funtzionarioak izango, lan kontratuko langileak baizik.
Osasunbidea eta NOPLOI enpresa publiko bihurtzeak, Nasuvinsa, Tracasa edo Salinas de Navarraren estatus berarekin, esan nahi du langileak esparru sozialeko zuzenbidearen mende geratuko direla, Langileen Estatutua erreferentziatzat hartuta, beste edozein enpresa publiko edo pribatuk bezala.
Gainera, Nafarroak Osasunbideko eta NOPLOIko lan baldintzak arautzeko eskumena galduko luke, funtzionarioen baldintzak Nafarroan erabakitzen direlako, eta lan kontratuko langileen baldintzak Estatu mailan ezartzen direlako Madrildik.
ELAk uste du hau Osasunbideari eta NOPLOIri inoiz egin zaien erasorik handienetakoa izango litzatekeela. Horregatik, ELAk xedapen hori kentzeko eta osasun publikoaren sistema bere berme eta eskubide guztiekin mantentzeko eskatzen du.