Nafarroako aurrekontu akordioa
Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk bizkarra eman diete hezkuntza publikoko greben aldarrikapenei

Grebak hezkuntzan
Atzo, hezkuntza publikoan ordezkaritza duten sindikatu guztiek deitutako bigarren greba eguna izan zen. Greba arrakastatsua izan zen, eta aurreko greba egunaren jarraipena ere gainditu zen. Azken 10 urteetan Nafarroako Gobernuaren politiken aurka sektore publikoan egin den mobilizazio handiena da.
Hala ere, mobilizazio historiko honen egunean bertan, PSN, Geroa Bai, Contigo Zurekin eta EH Bildu alderdien arteko akordioa iragarri zen. Akordioan hezkuntzako ratioak aipatzen dira, baina hartutako konpromiso bakarra datu demografikoei eta horiek hezkuntza ratioetan izan dezaketen eraginari buruzko azterlan bat Parlamentuan aurkeztea da. ELAk, alderdi politiko aurrerakoi eta ezkertiarrak hainbeste langile publikori bizkarra ematea gaitzesten du.
Akordioaren balorazio orokorra
Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioan, aurreko bost akordioetan bezala, adierazpen generikoak erabiltzen dira etengabe, eta azterlanak egitera edo lantaldeak sortzera bideratzen dira, konpromiso zehatzik hartu gabe. Adibide gisa, hona laburpen batzuk: "azterketa bat egingo da osasun pribaturako deribazioak murrizteko", "D ereduaren eskaerari behar bezala erantzungo zaio", "Osasunbidean itxaron zerrendak murrizteko estrategian sakonduko da", "etxebizitza hutsen erroldan lan egiten jarraituko da"... Adierazpen orokor horietako bat egoitzetako hitzarmenaren negoziazioan errepikatzen da. Sektore honetan 22 greba egun egin dira erresidentzietako Nafarroako lehen hitzarmena lortzeko. Zehazki, honen inguruan esaten den gauza bakarra da "Gobernuak konpromisoa hartzen duela negoziazioan duen inplikazioa areagotzeko".
Gutxieneko pentsioen osagarriari dagokionez, ELAk positibotzat jo du pentsioen igoera, betiere modu eraginkorrean gauzatzen bada. Gainera, ohartarazi behar da alderdi politiko hauek aurreko urteko akordioan ezarri zutela urtean 15.120 €-ko gutxieneko pentsioa lortzeko helburua, atzo argitaratutako akordioan jasotakoa baino kopuru handiagoa (14.490 €urtean).
Fiskalitatean ez da aldaketa esanguratsurik izan UPNren garaitik
Akordioan, EH Bilduk, aurrekontuak onartzea ahalbidetzeaz gain, 2025erako Neurri Fiskalen Legea onartzeko konpromisoa hartu du, nahiz eta PSNk, Geroa Baik eta Contigo Zurekin alderdiak dagoeneko iragarri duten legeak ez duela erreforma fiskal handirik ekarriko.
Mobilizazioa
Testuinguru honetan, ELAk ezinbestekotzat jotzen du mobilizazioa. Horregatik, ELAk manifestazioa egingo du abenduaren 13an, Nafarroako Parlamentuaren aurrean, 12:00etan, zerbitzu publikoak indartuko dituzten aurrekontuak eta gehien dutenek gehiago ordainduko duten erreforma fiskala aldarrikatzeko.