Nafarroako 2026ko aurrekontua

Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk etxebizitzako, osasuneko eta hezkuntzako inbertsio falta betikotzen duen aurrekontua adostu dute

Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk etxebizitzako, osasuneko eta hezkuntzako inbertsio falta betikotzen duen aurrekontua adostu dute
Zazpigarren aurrekontu akordioa asmo hutsez beteriko adierazpenek eta aurrekontuan eragin txikia duten neurri zehatzek markatzen dute.

Nafarroako Gobernuak 2026ko aurrekontuen aurreproiektua egin ondoren, Gobernua osatzen duten alderdiek (PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin) eta EH Bildu aurrekontuen zazpigarren akordioa sinatu dute.

Akordioak, aurreko seiak bezala, biltzen dituen konpromiso gehienak asmo adierazpen hutsak dira, lantaldeak sortzea edo azterlanak egitea dira. Hau da, berez aldaketa politikorik edo konpromiso zehatzik ez dakarten akordioak dira. ELAk, langile klaseari bereziki eragiten dioten adibide batzuk nabarmendu nahi ditu. Etxebizitzan, Nafarroa osoa eremu tentsionatu izendatzeko aukera baloratzeko azterketa egitea da konpromisoetako bat. Hezkuntza ratioei dagokienez, Gobernuaren konpromisoa da iaz adostutako azterlana aurkeztea eta ratio horien balizko berrikuspenari buruzko azterketa berri bat egitea, besterik ez. Eta erresidentzietako hitzarmen kolektiboari dagokionez, Nafarroako Gobernuak hitzarmen kolektiboaren negoziazio prozesuetan duen inplikazioa areagotuko duela besterik ez da esaten.

Bestalde, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzeko izapideei hasiera ematea adostu dute, giza baliabideez eta baliabide materialez hornitzeko gaitasuna barne. Akordio horrek ez du esan nahi Nafarroak Lan Ikuskaritza bere gain hartzen duenik, ezta gutxiagorik ere. Gogoratu behar da transferentzia hori Espainiako Gobernuarekin negoziatu beharko litzatekeela, hau da, alderdi bera buru duten bi gobernuren artean. Eta, PSNren kontrako jarrera argia da, izan ere (UPNrekin, PPrekin eta VOXetik aurkeztu ziren parlamentariekin batera) Lan Ikuskaritzaren eskumenak Nafarroako Gobernuari transferitzea eskatzeko mozio baten aurka bozkatu zuen 2025eko maiatzaren 22an Nafarroako Parlamentuan.

Gutxieneko pentsioen osagarriari dagokionez, ELAk positibotzat jo du pentsioen igoera (urtean 15.400 euro gordinera arte), betiere modu eraginkorrean egiten bada. Aurrekontu zuzkidura oso urria da neurri garrantzitsu horretarako, jakinik gaur egun 60.000 pentsio baino gehiago daudela 1.100 eurotik behera Nafarroan. Ildo horretan, ELAk uste du beharrezkoa dela publiko egitea 2025eko aurrekontu akordioan ezarritako neurri horrek zenbat onuradun izan dituen pentsio txikiagoak dituzten pertsona guztiak kontutan izanik.

2026ko Nafarroako aurrekontuaren proiektuari dagokionez, arau fiskalek (gastu muga ezartzerakoan jada aplikatzen direnak) eta erreforma fiskalari uko egiteak baldintzatutako aurrekontua da. Gainera, ELAk salatu du Gobernuak ez duela interesik aurrekontuak egiteko prozesua benetan parte hartzailea izan dadin.

Nafarroako aurrekontuan, Estatuari ekarpena ia %60 handitu da, eta zorraren eta itzaleko bidesarien ordainketa %11,9 UPN gobernutik atera zenetik. Gastu hauek aurrekontua osoaren %22 hartzen dute.

Bien bitartean, osasuneko eta hezkuntzako inbertsio falta betikotu egin da (Nafarroa EBtik 500 milioi euro beherago dago osasunari dagokionez, eta 420 milioi gutxiago hezkuntzari dagokionez), eta ez da bermatzen etxebizitzarako benetako eskubidea, aurrekontu osoaren % 1,3 baino ez baitzaio ematen.

ELAk zerbitzu publikoak indartuko dituzten aurrekontuak eta gehien dutenek gehiago ordainduko duten erreforma fiskala aldarrikatzen ditu.