politika fiskala

Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk UPNren gustuko erreforma fiskala adostu dute

2023/12/20
ELAk tamalgarritzat jotzen du hitzartutako zerga erreformak enpresen eta kapitalaren inolako pribilegiorik zalantzan ez jartzea eta Sanzek eta Barcinak zuten zerga politika bera mantentzea.

Nafarroako Parlamentuak erreforma fiskala onartuko du bihar, abenduak 21, Parlamentuan egingo den osoko bilkuran, Nafarroako Gobernua osatzen duten hiru alderdien aldeko botoarekin (PSN, Geroa Bai eta Contigo Zurekin), eta EH Bilduren abstentzioarekin.

Erreforma fiskalak neurri guztiz eskasak onartzea dakar, Nafarroan dagoen egungo eredu fiskal bidegabea zuzentzeko balio ez dutenak. Nafarroako presio fiskala Europako batez bestekoaren 1.900 milioi euro azpitik dago, zerga zama laneko errenten gain dago (enpresek baino 4 aldiz zerga gehiago ordaintzen dituzte) Nafarroan enpresek Estatu osoko Sozietateen gaineko Zerga baxuena ordaintzen duten bitartean. Honetaz gain, Ondarearen gaineko Zerga hutsala da, eta iruzur izugarria dago soldatapekoak ez diren errentetan.

Erreforma honen edukia UPNren gustukoa da. Izan ere, Javier Esparzak esan zuen "oso pozik" zegoela akordioaren edukiarekin, eta UPN ere erreforma onartzeko prest zegoen Iruñeko Udaleko zentsura-mozioaren berri izan arte.

Bestalde, EH Bilduk bere abstentzioa justifikatzeko “UPNk Nafarroako politika fiskala ez baldintzatzea lortu dutela” esan du, "nahiz eta bere zuzenketek egiturazko neurririk ez izan". Nafarroako politika fiskala UPNk baldintzatzen jarraitzen du, izan ere, 2015etik (Barcinaren gobernuaren azken urtetik) gobernu bakar batek ere ez du bultzatu nahi izan fiskalitate eredu bidezkoago bat.

ELAren iritziz, erreforma fiskal eskasaren onuradun handiena enpresak eta errenta altuak eta kapitalekoak dira, pribilegio guztiak bere horretan mantenduko baitituzte.

ELArentzat larria da talde parlamentario ezkertiar edo aurrerakoi batek ere ez planteatzea beste politika fiskal bati buruzko eztabaida, eta langileriarentzako alternatiba bidezkoagoak proposatzea gizarte eredua definitzeko funtsezkoa den gai honetan. Ez bada enpresen eta errenta handien interesak babesteko diseinatutako politika fiskala zalantzan jartzen eta ez bada alternatibarik planteatzen, balizko politika alternatiboei buruzko edozein erreferentzia galtzen da.

Dokumentu osoa irakurri