nafarroako langile publikoak

Nafarroako Gobernuak ez du borondate politikorik bere langileen baldintzak hobetzeko

2025/03/24
Langile publikoak apirilaren 9ko grebarekin bat egitera animatu ditu ELAk, Gobernuari presioa egiteko.

Gaurko Mahai Orokorrean – greba iragarri ondoren deitua izan zena –, Nafarroako Gobernuak ez die sindikatuek planteatutako aldarrikapenei erantzun, hala nola erosteko ahalmena berreskuratzea edo pribatizazioak eta kanporatzeak geldiaraztea. Sindikatuekin astero biltzeko konpromisoa hartu du soilik.

ELAk adierazi du bileren maiztasuna handitzeak ez dakarrela funtsezko hobekuntzarik, horrekin eduki jakin batzuk negoziatzeko konpromisoa hartzen ez badu. Horregatik, sindikatuak Gobernuari eskatu dio erantzuna eman diezaiola sektore publikoa apirilaren 9rako greba-eguna deitzera eraman duten aldarrikapenei. Aldarrikapen horiek sektorea 2023an grebara eraman zuten berberak dira, eta indarrean jarraitzen dute Gobernuaren konpromiso zehatzik egon ez delako.

Ondorioz, ELAk langile publiko guztiak apirilaren 9ko grebarekin bat egitera animatu ditu, lan-baldintzak eta zerbitzu publikoen kalitatea hobetuko dituzten hobekuntzak lortzeko.