Nafarroako Gobernuak hitzarmena eta konpromisoak betetzen ez dituela salatzeko kontzentrazioa egin dute
Nafarroako 0-3 zikloko Intersindikala (ELA, LAB, STEILAS, AFAPNA, UGT eta CCOO) gaur kontzentratu da, Nafarroako Gobernuak 2023ko martxoan sinatutako hitzarmena behin eta berriz urratu duela salatzeko, baita haren betearazpenari lotutako aurrekontu konpromisoak ere. Horren ondorioz, ez dago aurrerapauso errealik ekitatearen eta zerbitzu publikoaren kalitatearen ikuspegitik funtsezkoa den hezkuntza-eredu batean.
Hitzarmenak bi betebehar nagusi ezartzen ditu, eta biak ere garatu gabe jarraitzen dute: udal haur-eskoleta guztientzat kudeaketa-eredu komuna sortzea, eta sindikatuen parte-hartzea bermatuko duen gizarte-harremanetarako sistema abiaraztea. Ia hiru urte igaro direnean sinatu zenetik, ez dago ibilbide-orririk, ez da definitu 0-3 zikloko eskolen mapa eta ez da sortu akordioak berariaz jasotzen zuen partaidetza-espazio formala.
Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren arteko bilerak ia erabat finantzaketari lotutako gaietara mugatu dira, alde batera utziz funtsezkoak diren alderdiak: ikuspegi pedagogikoa, eskaintza publikoaren plangintza eta haur-eskolen sarearentzat ereduzko egitura koherente bat sortzea. Horrez gain, kontuan hartu behar da 2024 eta 2025erako aurrekontu-konpromisoak ere ez direla betetzen ari.
Langileek berehalakoan txertatzea eskatzen dute Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko Batzordean, eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diote behingoz bete dezala sinatu dituen hitzarmenak eta konpromisoak. 0-3 zikloa funtsezko zerbitzu hezitzailea da, desberdintasunak konpentsatzen dituena, eta ez plantillek ez familiek ezin dute gehiago itxaron. Intersindikalak berretsi du mobilizatzen jarraituko dutela Nafarroa osoarentzat ereduzko sare publiko, unibertsal, doako eta pedagogikoki sendo bat bultzatzeko.