merkataritza nafarroa
Nafarroako Gobernuak iragarri duen Merkataritza Legearen erreforman igande eta jaiegunetan irekitzea galarazteko eskatu du ELAk

Gaur goizean egindako Merkataritza Kontseiluaren bilerak bilera horien ohiko gidoia jarraitu du: Nafarroako Gobernua patronalaren notario lanetan ari da berriro, eta CENen aurretik lortutako akordioari legezko estaldura ematen dio. Izan ere, CENek erabakitzen du saltokiek zenbat igande eta zer jaiegun irekitzen dituzten.
Berriro ere, organo honetan dauden sindikatuek ez dute inolako parte hartzerik izan erabakian. CCOOk bilera baliatu du irekiera akordio baterako proposamena egiteko. Horrek argi uzten du zero irekierak bere agendaren parte izateari utzi diotela.
ELAk salatu du Nafarroako Gobernuaren jokabidea UPNren garaieko berbera dela.
Igandeetan eta jaiegunetan irekitzeak azalera handiei baino ez die mesede egiten, merkataritzan lan egiten dutenen lan baldintzen eta kontziliazioaren kaltetan. Kontuan izan behar da merkataritzan lan egiten duten pertsona gehienek urtean 270 egun efektibo baino gehiagotan egiten dutela lan, astean atseden egun bakar bat izanik. Igande eta jaiegunetan irekitzeak plantillen gaineko karga handitzea baino ez dakar.
ELAren iritziz, borondate kontua da, eta babes nahikoa batzea: Gogoratu behar da ELAk mahai gainean jarri zuela 2019an akordio bat egiteko aukera, igande eta jaiegunetan irekitzea baliogabe deklaratzeko. Hitzarmen kolektiboaren eraginkortasuna duen akordioa litzateke, sektore osoa behartzeko gai dena, behar besteko legitimitatea izanez gero.
ELAk Nafarroako Gobernuari eskatu dio ez dezala aukera alferrik galdu, eta gaur bileran iragarritako merkataritza legearen erreforman igande eta jaiegunetan irekitzea eragozteko.