Nafarroako Gobernuak jarraipen itsua egiten die Estatuko Gobernuaren erabakiei, eta autogobernua alde batera utziz
Espainiako Gobernuak ezarri eta Nafarroako Gobernuak aplikatuko dituen politika horien ondorioz herritarrak orokorrean pobretuko dira. Atzeraldia larriagotu dute, langabezia ugaldu, gizarte-babesa murriztu, eta gero eta jende gehiagoren estutasunak handitu. Politika bidegabe horiek BEZa igo, gizarte-prestazioak murriztu, eta arlo publikoko soldatak txikiagotu dituzte; hori horrela, krisiaren batere errurik ez dutenei krisiaren ondorioak ordainaraziko dizkiete.
Alde batetik, politika horien helburua zerbitzu publikoen kalitatea hondatzea eta zerbitzuak pribatizatzea da, eta herri-langileak prozesu horren petxero izango dira.
Bestaldetik, Gobernu zentralak eta nafarrak, krisiaren ondorio hondatzaileez baliaturik, jarraitu nahi dute merkataritza-sektorea araugabetzen, oraingo honetan merkataritza-ordutegiak liberalizatuz; eta hori salatu nahi du ELAk.
Gobernu espainiarrak luzatu du dendak astean irekitzeko ordu-kopurua, 72tik 90era, eta irekitzeko moduko jai-egunak, urtean, 12tik 16ra zabaldu du. Nafarroako Gobernuak neurri horiek aplikatuko dituela iragarri du. Baina neurri horiek merkataritza-sektoreko prekarietatea areagotuko dute, langileek asteko atsedenaldia hartzeko eskubidea oztopatu, eta lana eta familia uztartzeko aukerak eragotzi. Esan gabe doa sektore horretako langile gehienak emakumeak direla.
Krisitik ateratzeko bestelako irtenbide bat badago, irtenbide bidezkoa: murrizketarik ez aplikatzea eta politika fiskalak eta sozialak zeharo aldatzea. Eta horixe bera da ELAk UPNko Gobernuari eskatzen diona.
Dei egiten diogu langile-jendeari eta herritar guztiei mobilizaziora jotzeko, hori baita bide bakarra murrizketei diegun ukoa adierazteko, eta gizarte-aldaketa bat eskatzeko.