langile publikoak

Nafarroako Gobernuak langile publikoek erosahalmenaren beste %3,4 galtzea 2023an erabaki du

2023/10/20
Nafarroako Gobernuak 2022an UGTk, CCOOk eta Estatuko Gobernuak sinatutako akordioari men egin dio, lan baldintzen arloan dituen eskumenei uko eginez. LEPari dagokionez, ELAk uste du urriegia dela, eta birjarpen tasari lotuta egotea salatu du.

Nafarroako Gobernuak Gobernu Kontseiluan onartu du Nafarroako Gobernuaren plantillari %0,5eko igoera aplikatzea, hau da, CCOOk, UGTk eta Estatuko Gobernuak 2022an Madrilen sinatutako akordioa betetzea. Akordio hori onartzeak eta aplikatzeak % 6,5eko erosahalmenaren galera dakar langile publikoentzat 2022tik aurrera ( % 3,1ekoa 2022an eta % 3,4koa 2023an). Galera berri honekin, enplegu publikoek erosahalmenaren % 20ko galera metatzen dute.

ELAk bere eskumenak baliatzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Hala, Gobernuari eta Nafarroako alderdiei eskatu die Estatuko aurrekontuek langile publikoen soldata igoerak hemen erabaki ahal izatea ahalbidetzeko. Eta Nafarroako aurrekontuetan % 10eko soldata igoera aurreikustea, azken 3 urteetako KPIa bermatzeko, eta eduki hori negoziazio mahaietara eramatea.

Gobernuak LEP bat ere iragarri du. ELArentzat urriegia da Administrazioko behin behinekotasun handia eta langilerik eza ikusita. Gainera, ELAk kritikatu du birjarpen tasari lotuta dagoela, eta hori autogobernuaren aurka doala.

Aldarrikapen hauek jasota daude Nafarroako sektore publiko osorako mobilizazioetan. Gainerako aldarrikapenekin batera erantzunik ez badu, greba dinamikak elikatzen jarraituko da. Lan baldintza egokiak bermatzea da zerbitzu publiko egokiak bermatzeko modurik onena.