Nafarroako Gobernuak langile publikoen pobretze prozesuan beste urrats bat eman du
Nafarroako Gobernuak Estatuko sindikatuek Madrilgo Gobernuarekin lortutako akordioa aplikatuko du bere horretan, autogobernurako gaitasunik edukiko ez balu bezala. Akordio honen ondorioz, 2022-2025 urteetan langile publikoek galdutako % 8,6 tik bakarrik 2,5% berreskuratuko da. Beste modu batean esanda, epe horretan % 6,1 galtzea ontzat eman dute sindikatu sinatzaileek (UGT, CCOO eta CSIF). Honez gain, KPIaren inguruko erreferentziarik gabeko akordioa adostu dute sindikatu hauek lau urtetarako (2026ko salbuespena kenduta), horrek dakarren arriskuarekin.
ELAk dei egiten die Madrilen ordezkaritza duten alderdi politikoei, sektore publikoaren gaineko eskumenak berriro Espainiako Gobernuaren gain ez uzteko eta botoa eta beraien babesa soldata eta enplegu publikoa Nafarroan negoziatzeko gaitasuna bermatzera baldintzatzeko.
ELAk eskumenen, zerbitzu publikoen, eta langile publikoen lan baldintzen defentsan, soldata galera berreskuratzeko eta behin-behinekotasunarekin amaitzeko mobilizazioak bultzatzen jarraituko du.