Nafarroako Gobernuak legea urratuko du ordainsari berezia ez badu aste honetan ordaintzen
Gobernuak azaldu duenez 28/2012 eta 25/2013 Foru Legeak ez betetzea erabaki du, Parlamentuak lege horiek onartu bazituen ere. Honek suposatzen du ezin handiago den mespretxua, demokraziaren zein oinarrizko eskubideen ikuspegitik. Barcinak Auzitegi Konstituzionala erabiltzen du bere aurpegia zuritzeko 20.000 langileei beren 2012ko soldata ez ordaintzeko erabaki ostean.
Horretarako, Barcinaren Gobernuak argudiatzen du Estatuak helegite bat jarri duela Auzitegi Konstituzionalean, baina honek ez du oraindik ezer erabaki. Orduan, foru legeak indarrean daude eta Gobernua behartzen dute, gainontzeko hiritarrak behartzen dituzten bezala. Jakina denez, Nafarroako udal askok Parlamentuaren agindua bete dute, eta beren langileei zor zieten dirua ordaindu diete.
Beste aldetik, Nafarroako Gobernuak txosten tekniko bat aurkeztu du 58 milioi euro horiek ezin dituela ordaindu esateko, dagokion aurrekontuen atal bat ez dagoelako. ELAk uste du Barcinaren Gobernuaren aitzakia hutsa dela, eta lege bat gustatzen ez zaionean erabiltzen du. Alta, Gobernuak aitzakia hori ahazten du azpiegitura erraldoien edo pribatizazioen gastuei buruz erabaki behar duenean.
Azken finean, ELAk iragarri du Gobernuak inposaturiko murrizketen aurkako mobilizazioak antolatzen segituko duela. Aldi berean, ELAk bide juridikoa irekia mantentzen du eta honen bidez, langile bakoitzak bere soldata aldarrika dezake salaketa bat jarriz.