Nafarroako Gobernuak merkataritzako igande eta jaiegun irekiera kopurua handitu nahi ditu
Gaur goizean egin den Merkataritza Kontseiluaren bileran ohiko gidoiari jarraitu zaio: Nafarroako Gobernuak patronalaren notario lana egiten du eta estaldura juridikoa ematen dio CENen aurrez enpresek adostutako akordioari. Enpresek erabakitzen dute benetan zenbat eta zer igande eta jaiegunetan irekitzen duten merkataritza establezimenduek.
Beste behin ere, organo honetako sindikatuek ez dute inolako parte hartzerik izan erabakian, eta hori errespetu falta da sektoreko langileekiko, ondorioak zuzenean pairatzen dituztenak baitira.
Aurten, ohiko igande eta jaiegunetaz gain, Maiatzaren Lehena ere irekitze egun gisa ezartzea erabaki dute, laneko eskubideen defentsan duen esanahiari eta langileekiko duten sentiberatasun faltaren erakusgarri.
2026ko igande eta jaiegunetako irekiera egutegia aurkezteaz gain, Nafarroako Gobernuak prestatzen ari den merkataritzaren lege proiektua ere jorratu da bileran. ELA oso kritiko agertu da merkataritza ordutegiei dagokienez, izan ere, igandeetan irekitzeko mugak ezabatuko lituzke (indarreko legeak urtean gehienez bi igande irekitzeko aukera ematen du, eta ez jarraian).
Aldaketa honek enpresentzat interes komertzialeko egun kopurua handitzea ekarriko luke, eta ondorioz, egungoarekin alderatuta irekiera egun gehiago izatea. Horrek, zalantzarik gabe, kalte nabarmena eragingo lieke langileei.
Kontuan hartu behar da merkataritzan lan egiten duten pertsona gehienek astean sei egun lan egiten dutela eta igandea dutela atseden egun bakarra, edo bestela, igandea dutela asteburuko atseden bakarra eta beste eguna aste barruan. Igande gehiago irekitzea errazteak plantillen lan jarraikortasuna handitzea dakar, eta gainera, zaildu egiten du bizitza pertsonalarekin uztartzea.
ELAk adierazi du gobernu bat ez dela progresista hori behin eta berriz errepikatzeagatik, baizik eta aplikatzen dituen politikengatik. Eta eredu desarautua sustatzen duen lege batek —enpresa handiei soilik mesede egiten dienak, langile eta hurbileko merkataritzaren kalterako— ezin du progresista izan. ELA merkataritzan lan egiten duten pertsonen interesen aldeko aldaketak lor daitezen eragiten saiatuko da.