Erdizko meategia

Nafarroako Gobernuak PSISa udal eskumenak eta herritarren borondatea urratzeko onartu du

2024/01/18
Gobernuak ingurumenean eta gizartean eragin handia duen proiektu bat inposatu nahi du Kontserbazio Bereziko Eremu batean. Abeltzaintza estentsiborako erabiltzen diren herri-lurrak pribatizatu nahi dituzte enpresa bati, Magnari, mesede egiteko.

Nafarroako Gobernuak (PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin) Baztan eta Esteribar artean dagoen Erdiz inguruan magnesita meategia eraikitzeko Udalez Gaindiko Eragin Plan Sektoriala (PSIS) onartu zuen atzo. PSISak udalaz gaindiko interesekotzat jotzen du proiektua, eta horrek udalak eskumenik gabe uztea suposatzen du. Azken batean, herritarrek baztertzen duten proiektu batekin aurrera jarraitzea erabaki du Gobernuak.

PSISaren aurretik, 2022ko azaroaren 20an Magna enpresak Erdiz meategia martxan jartzeko duen proiektuari buruzko herri kontsulta ez baimentzea erabaki zuten.

ELAren ustez, PSISaren onarpena ingurumenean eta gizartean eragin handia izango lukeen proiektu bat inposatu nahi duen politikaren barruan kokatzen da. ELAk azpimarratzen du ezin dela meatze proiekturik egin Kontserbazio Bereziko Eremuetan (KBE), Auzitegi Nagusiak Zilbetiko Minaren proiektua baliogabetu zuen epaian dioen moduan. Epai hori Auzitegi Gorenak berretsi zuen. Nafarroako Gobernua jakitun da Erdizko proiektuaren larritasunaz, eta edozein oztopo gainditzen saiatzen ari da. Hau guztiagatik, ELAk Erdizko meategiaren tramitazioa geldiaraztea eskatzen du.