Nafarroako Gobernuak UGT-CCOOekin desgaituen zentroetako akordio bat antzezten du ELAk Parlamentuan bultzatutako Kontratu Legea betetzeko

2016/04/18
ELAk arbuiatzen du Nafarroako Gobernuak, UGT-k eta CCOO-k desgaituen sektorean sinatutako akordioa, gutxienez bost urteko (2012-2016) soldaten atzerapena kobratzeari uko egiten diolako, eros ahalmenaren %20ko galera suposatuz. Hain zuzen ere, hori da azken lau urteotan lau sindikatuok bultzatutako gatazkaren arrazoia.

Akordio honek 2017tik aurrera soldaten %3,35eko igoera aplikatzea bermatzen du, baina igoera hori indarrean egon behar zen 2012tik. Kontua da enpresek hitzarmena bete gabe utzi zutela soldatak jaisteko, PPren lan erreforma baliatuz. Gainera, hitzarmen hura UGT-k eta CCOO-k sinatu zuten, betegabetze hori bertan zegoela jakinda, eta enpresek ederki aprobetxatu zuten.

Akordio horretan positiboa saltzen digutena da Nafarroako Gobernuak Kontratu Publikoen 1/2015 Foru Legea beteko duela: beraz, sektoreko hitzarmena beteko ez duen enpresari kontratazioa kenduko diola. Hala ere, hitzarmenak bere baitan betegabetzea onartzen badu, ez dago batere garbi zer gertatuko den, eta litekeena da kasu horretan 2012ko egoerara itzultzea.

Dena den, 1/2015 Foru Legea derrigorrez bete beharrekoa da, ELA sindikatuak Nafarroako Parlamentura eraman zuelako 14.635 sinadurarekin jaso zuen HEL baten bidez. Legea onartu zen aho batez ELAren bultzadagatik eta orain Gobernuak iragarri du bete egingo duela; berri pozgarria, baina erabakia soilik Gobernuaren menpe dagoena eta horretarako ez ditu sindikatuak behar.

Baina bai behar ditu UGT eta CCOO 2012tik jaso ez dituzten soldatei uko egiteko eta hurrengo lan-hitzarmen sektorialaren negoziaketa mugatzeko “Eskubide Sozialen Departamentuak ezartzen dituen tarte eta mugen barnean”. Hau da, sindikatuen eta patronalaren arteko negoziaketa kolektiboa Gobernuaren aurrekontuaren baliabideetara baldintzatzen du; horrela, desgaitasunaren sektoreko enpresen irabazia ziurtatzen du eta hasieratik sektore honetako 800 langile baino gehiagoren aldarrikapenei muga bat ezartzen die.