Nafarroako Museoa

Abenduan 5 pertsona kaleratu ostean zerbitzuaren zati bat pribatizatu dute

2025/01/29
ELAk, Afapnak, CCOOk eta UGTk elkarretaratzea deitu dute otsailaren 5erako, Nafarroako Gobernuak abenduan aldi baterako kontratatuta zeuden 5 pertsonaren kontratua eten zuela salatzeko. Orain, zerbitzuaren zati bat enpresa pribatu bati eman dio, gainerako langileekin ezin delako asteburuko txanda bete.

Abenduan, AFAPNA, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratzea egin zuten Nafarroako Museoaren parean Zerbitzu Orokorretako 5 langileren kaleratzea salatzeko.

Sindikatuek erabakia berriz aztertzeko deia egin arren, Museoak aldi baterako kontratua zuten langileak kaleratu zituen 2024ko abenduaren 31n, beste aukera batzuk baztertuz.

Horren ondorioz, urtea zerbitzua emateko zailtasunekin hasi da, asteburuko txandak ezin betez. Administrazioak, egoera honen aurrean, zerbitzua enpresa pribatu bati esleitu dio, zerbitzu publikoaren kalitateak okerrera eginez.

Gauzak horrela, sindikatuek kaleratzeekin ados ez daudela berretsi, Administrazioaren aurreikuspen eta planifikazio falta salatu, eta zerbitzua pribatizatzea gaitzetsi dute. Era berean, egoera leheneratzeko eta Zerbitzu Orokorretako langileen lanaldi osoak bermatzeko eskatu dute.

Sindikatuek azpimarratu nahi dute, azkenik, Nafarroako Museoari atxikitako Zerbitzu Orokorretako langileek okerrera egin dutela beren lan baldintzetan. Izan ere, etenaldirako eskubidea oztopatzen zaie, ez dira laneko baja asko ordezkatzen, eta, gainera, lanaldi zatitua eta jaiegunak dituen kolektibo bakarra da, eta horrek eragina du plantillaren kontziliazioan.

Hau guztiagatik, AFAPNA, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek iragarri dute elkarretaratzea egingo dutela otsailaren 5ean, 11:00etan, Nafarroako Museoaren parean.